[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ikastolara joan aurretik gosaltzera nola jaikitzen nintzen etorri zait gogora, halakoxe negu-giro bat, goizeko hotza gaueko maindire epelen artetik aterata… eta sukaldean sartu, estufa ondoan eskuak goxatu, eta Mariano Ferrerren saioa hasi aurreko iragarkien tartean askatzen genion orritxoa egutegiari –Seaskako zintzilikarioaren kartoia pixka bat bajatu ondoren–, ea egun horretan zer kontatuko. Gu, xalo-xalo, beti txistearen zain. 10 urteko neskatoa nintzenera eraman nau 2027ko egutegi-takoa jada salgai dagoela kontatzeko eskaerak.
Efemeridez beteko digu aurten ere, zazpigarren urtez, ARGIAk sukaldea. Edo ikastetxea, lantokia, egongela… Gure historia eta jatorria ezagutzeko ariketa ederra, 2027an ere egingo duguna. Hala azaltzen du Lander Arbelaitzek sarrerako testuan: “Geure iragana ezagutzea oraina kudeatzeko oinarri sendo bat da, etorkizunaren bila indartsu jotzeko”. Herri bezala egin ditugunak aitortzea (onak eta txarrak) inportantea da, egin nahi dugunerako kokatzen lagunduko baitigu. Eta gure iragana bezala, besteena ere kontatu nahi du ARGIAk, nazioarteko gertakariak, pertsonaia esanguratsuak. Hezkuntza curriculumetik kanpo utzi ohi dituzten gertaerak ekarriko dizkigu lehen lerrora Egutegiak. Mikel Urabaienek idatzi ditu 365 pilulatxoak aurten, eta hauekin jada 2.500 artikulu historikotik gora bilduak ditu ARGIAren webguneko Efemerideen Kanalak.
Urteurren biribilez betea
Bakar-bakarrik esanda 50 urte beteko direla 1977tik… Ikurrinaren legeztatzea, lehen topaketa feministak, Askatasunaren Ibilaldia, Xan Marguiraulten atxiloketa… Garai mugituak! 250 urte beteko dira Logroñoko Inkisizioaren aurrean deklaratu behar izan zuenetik Jose Antonio Mogel idazle euskaldunak, mendea Sacco eta Vanzetti anarkistak exekutatu zituztenetik, hamarkada bat Kataluniako independentzia erreferendumetik…
Ni naiz, orain, ikastolara joan aurretik gosaltzen duen neskatoaren ama. Eskuak goxatzeko estufa pizten duena. Mariano Ferrer bat balego irratia piztuko zukeena. Egutegiko orritxoa kendu eta mahaian irakurtzen duena. Oraindik ondo ulertzen ez badidate ere, alabei historia pilulatxoak eman nahian hasia dena.