Hausnar egiten dute ardiek Galizian ere

argia
0
Aretoa bete jende Ourensen, Josebe Blancok 'Rumiando' aurkeztu zuenean.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Galizian harrapatu dut Josebe Blanco (Salceda de Caselas, 1973). Bere arbasoen lurretan, lagunartean, euskara bezala berea den hizkuntzan, galizieraz. Baina batez ere harrapatu dut kazetarien galderei erantzuten, batetik bestera, paperetik irratira, hausnarrerako tarte handiegirik gabe. Rumiando liburua argitaratu berri du, 2023an ARGIArekin argitaratu zuen Hausnarrean liburuaren galizierazko itzulpena (zer eta berak itzulita gainera!), eta bost aurkezpeneko bira bat egin du bere jaioterrian, Galizian, Ourensetik Salceda de Caselasera.

Eguneroko formatuan eta euskaraz argitaratutako liburuaren itzulpena Rinoceronte editorialarekin kaleratu du, ama-hizkuntzara itzulita. “Ariketa ederra izan da, jatorrira itzultzea; hasieran herdoil puntu batekin, baina lana aurrera zihoan bezala, ahaztuta nituen esamolde eta hitzak berreskuratuz, galizierarekin jolastuz”, azaldu digu egileak. Nabari zaio lurrari lotuta bizi dela, nork erantzungo lidake hirian, lanak behar izan duen denboraz galdetuta, “urtaro oso bat”?

Lehen aldia du itzulpen lanetan eta ikasketa bat ere izan dela aitortu du. Hala dio, hain justu Ourensen lehen aurkezpena egin bezperetan, La Región (lurraldeko egunkari salduena) komunikabideari eskainitako elkarrizketan galdetu diotenean liburua itzultzearen arrazoiaz: “Sustraiak. Beti bizi izan naizen arren Euskal Herrian, nire ama-hizkuntza galiziera da, eta nire familia han dago. Jasotakoa itzultzeko beharra nuen, nolabait. Oso garrantzitsua da niretzat nire izeba-osabek (han daudenek) irakurri ahal izatea nik zer bizi dudan. Eta sarritan galdetzen diot neure buruari zer pentsatuko luketen nire aiton-amonek edo gurasoek orain hemen ikusiko banindute, ardiekin lanean. Azken finean, haiek landa-bizitza atzean utzi zuten, eta ni, berriz, hara itzultzen ari naiz”.

“Harrituta” dagoela dio, liburuak izan duen harrerarekin, zenbat komunikabidek egin dioten elkarrizketa, zenbat zabaldu den aurkezpenen bira, eta gogotsu dago ikusteko ze entzule mota gerturatzen den aurkezpenetara. “Artzaintza eredua desberdina da Euskal Herrian eta Galizian, guk esne eta gaztara gehiago jotzen dugun bezala, Galizian haragitarako izaten dira ardiak askotan, eta horrek jende perfila eta galderak ere aldatuko dituela pentsatzen dut”.

Dagoeneko salgai dago liburua rinoceronte.gal webgunean eta zenbait saltokitan, eta ohartu bazara oraindik euskarazkoa irakurri gabe duzula, aitzakia polita duzu argia.eus-eko azokan erosketa txiki bat egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA