[Itsaso Zubiria] Rikardo Arregi bera ere liluratu duela jakiteak poztu nau, ez naizela bakarra. Ikerketa kazetaritza lanak sortu zidan lilura, diot, gaiak berak lilura ez beste gauza asko sortzen baitizkit barruetan. Zigor Olabarriak ARGIAn publikatutako Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? erreportaje sorta saritu du epaimahaiak 2026ko Rikardo Arregi sarien 38. edizioan. Ez da familian garaikurra jaso duen bakarra izan, gainera, Iametzak parte hartzen duen Ni.eus ekimena izan baita komunikazio saria etxera eraman duena.
Errenteriako Udalaren lan deialdiaren kasutik abiatutako ikerketa lan honetan pisu handia hartu zuen elementuetako bat izan zen, ustez independenteak eta pertsonalak ziren euskararen kontrako helegiteen atzean pertsona eta talde antolatuak zeudenaren susmoa frogatu izana. Horixe bera azpimarratu dute sari banaketan ere eta baloratu dute euskararen etorkizunaren eztabaidarako ezinbesteko informazioa eman duela ARGIAn argitaratutako ikerketa lanak: “Euskararen kontrako neurriak eta diskurtsoak zabaltzen ari diren garaian, ARGIAren erreportaje sorta bezalakoak funtsezkoak dira, laguntzen dutelako auziaren sakontasuna ulertzen eta hariak mugitzen dituztenak identifikatzen”.
Euskararentzat ez dira garai onenak, sekula onik izan bada. Oldarraldi betean gaude. Fobiak dira sumatzen bazter guztietan, eta fobiarik ezin foborik gabe. Fobo asko; asko eta gertu. Hala jaso du garaikurra kazetariak: “Euskarafilia erauntsi are handiagoa behar dugu, Pizkundea behar dugu, Esnatu ala hil, erabaki dezagun esnatzea”. Jasotako 9.000 euroak “euskalgintzan txikitik lanean ari diren eragileei” bideratuko dizkiela ere adierazi du.
Sinadura bati taldeak eusten dionean jarri genion izena apirilean orrialde honetan Olabarriak lan hau nola egin zuen azaltzeko idatzitako artikuluari. Euskararen tableroan posizioak hartzeko unea zela esan genuen orduan. Oraindik ere garaiz zaude lekua hartu eta fitxa mugitzeko. Askatasunaren izenean batzuk mugitu dituzte peoiak, besteen eskubideekin pixka bat ahaztuta.