ARGIAren Barrenak
ARGIA Eguna Komunitatea
by argia
  • ARGIA Eguna
  • Komunitatea

Argia Egun Txikia: Arrasaten ere txikitik eragiten

argia
2015-09-14
1

ArgiaEgunTxikiaArrasaten2Irailaren 12an Argia Egun Txikia ospatu genuen Arrasaten, bertako Euskal Herrian Euskaraz taldearen ekimenez. Goizean herriko euskara eragileekin topaketa egin genuen eta hemen dituzu atera ziren hainbat ideia.

20 bat lagun elkartu ginen Arrasateko Euskal Herrian Euskarazen Jai Zale tabernan. Besteak beste, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) euskara elkarteko kideak, gaztetxekoak, Txatxilipurdi aisialdi elkartekoak, EMUNekoak, Udaleko euskara teknikaria, Arrasateko Euskal Herrian Euskarazekoak, Argiako harpidedunak eta langileak.

Egungo herrigintza esparruaren erronkak

Talde txikiagotan bilduta galdera hau erantzuteari ekin genion: Nola aldatu da gure herrigintza esparrua? Zein dira egungo aldagaiak eta erronkak? Talde bakarrera itzulitakoan, ideiak batu genituen. Egungo aldagaien artean ageri ziren kontsumo eredua aldatu dela, zapalkuntza ikustea zaildu dela, militantzia eredua aldatu dela, profesionalizatzeak eta erakundetzeak egonkortasuna ekarri duela baina baita desaktibazioa eta kaletik bulegora pasa izana ere, euskaraz gain beste balio erantsiekin lehiatu beharra… Erronken artean izendatu ziren mundu eleanitzean eragiten asmatzea, indibidualismorako dagoen joeran komunitatea eratzea, eragileak saretzea, euskara politizatzea eta jabekuntza prozesuak burutzea…

Zer barne eraldaketatan gabiltza bakoitza?

Topaketari itxiera emateko, talde bakoitzak bere berri eman genuen.

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz gazte eta indarrean agertu zen. Giro oso baikorra dutela adierazi zuten, eta duela 3-4 urte martxan jarri zirenetik mugimendu espontaneoa eta oso humanoa landu dutela. Estrategia eta abarren gainetik harremanak zaintzen dituztela. Zerbait berria sortzeko ilusioa eta gaztetasuna (taldearen bataz besteko adina 22 urtekoa da) dute.

AEDn haize berriei zabaldu dizkiote leihoak, hainbeste urtean sendotutako egitura gaurko egoeretara egokitzeko. Makinaria handia dela eta beraz, edozein aldaketa ez dela berehalakoan egiten kontatu digute. Aldatu nahi dituzten eremuak identifikatzeari (burokratizazioa…) eta botere-guneak horizontaltzeari ekin diote.

Txatxilipurdik bere burua eraldaketarako proiektuak proposatu eta gauzatzeko gune izatea nahi du. Egiturak deseraiki, harremanak gerturatu eta botere-guneak horizontaltzen ari dira. Euren bazkideak eta herritarrak eguneroko proiektuan nola txertatu ere aztertzen ari dira.

Argiakook azaldu genuen langileon erabakimena dela gure balio nagusia, eta geure baitako logikari eusten diogula mundua astintzen duen txanponaren logikaren aurrean. Txanponaren logikak low cost kazetaritza, low cost harremanak, low cost eredura garamatzala eta logika horrez kanpo birdefinitu ditugula gure balioak, lan egiteko modua, eta beste eragileekin harremana. Txanponaren logikari euskarazko proiektu bat oso epe motzean zaio errentagarri-baliagarri. Horregatik, bere proiektuaren balioa txanponetan neurtzen ez duten eragileak ditugu bidelagun (izan nekazari, herri eragile, kultur ekimen…) proiektu hauen guztien iraupena elkarri lotuta baitago.

Datorren iganderako Argia Egunerako deia

ArgiaEgunTxikiaArrasate

Topaketen ostean, igande honetan Oñatin elkartuko gaituen Argia Egunera joateko deia egin zuten Arrasateko euskara eragileek. Egunean zehar Argiako harpidetzen mahaia jarri genuen, Jai Zale tabernan aparteko pintxo bazkaria dastatu, dokean aritu, eta iluntzean kontzertuek hartu zuten txanda.

Argia kideok oso eskertuta gaude Arrasateko Euskal Herrian Euskarazek antolatutako jaiagatik.

Argia Egun Txikiaeuskalgintzaharpidedunakherri mugimenduak
1 Iruzkin
    Arrasaten ere txikitik eragiten (e)k dio: Erantzun
    2015-09-14, 12:22

    […] http://www.argia.eus/blogak/argia/2015/09/14/argia-egun-txikia-arrasaten-ere-txikitik-eragiten/ Ira14 0 […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Oñatiko Arrikrutzeko kobak ezagutzeko ibilaldi mitologikoa, Argia Egunaren bezperan2015-09-11
Argia Egunean ordaindu zure garagardoa ‘txantxiekin’2015-09-15
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA