175.000 pertsonak osatu dute, antolatzaileen arabera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen 200 kilometroko bidea. Gure herriko historia hurbilean egindako mobilizaziorik jendetsuenetako bat izan da, ezbairik gabe. Ekimenak bultzada berezia eman nahi izan dio Eusko Legebiltzarrean EH Bildu eta EAJ lantzen ari diren autogobernu ponentziari. Baina, txostenak txosten, galderak atzoko bera izaten jarraitzen du: nola irabazi hitza eta erabakia Euskal Herrian, erabakitzeko eskubidea galarazi eta herritarrak jipoitzeko Kataluniara milaka lagun armatu bidali dituen estatu bat aurrean izanik? Erruz –eta odolez– saiatu dira erakusten egungo legedi espainiarraren araberako bide instituzionaletik ez dagoela erabakitzeko lekurik. Urkullu lehendakariak, giza katearen egunean bertan, adierazi du legalitatearen barruan eta Estatuarekin adostuta gauzatu behar dela eskubide hau. Eta betiere, estatus politikoari dagokionez soilik. Trenez edo pentsioez erabakitzea soldatapeko politikari profesionalen ardura omen. Bulego edo jatetxeetako lau hormen artean herritarren izenean erabakitzeaz ohituta daudenen jarrera inoiz baino argiagoa da. Zalantza da, gu, herritarrok, hesi hori gainditzeko zer egiteko eta arriskatzeko prest gauden.
Argazkia: Dani Blanco
Testua: Axier Lopez