Mariano Ferrer Donostiako Gladys Enea parkeko Mandas Dukearen jauregian agurtu zuten herritarrek uztailaren 16an. Ekitaldi xume eta laburra izan zen, familiak hala eskatuta. “Laudoriorik ez”, aipatu zuen haren lagun Sabino Ormazabalek oholtzan. Baina, ezinbestean, Ferrerrek jasotako loreak lau haizetara barreiatu dira, hark bizitzan jaurtitako arantzak hamaika zokotan iltzatu diren bezala. Egungo abiada zoroan samurra ez den arren, kazetaritza libre, pausatua eta zorrotza egitea, horra kazetari handiari egin dakiokeen omenaldirik beroena.
Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku
Testua: Xabier Letona