Kongoko 14 familiak munduko enpresa teknologikorik handienak auzitara eraman dituzte AEBetan. Salatu dute haien semeak hil edo mutilatu zituztela kobalto-harrobietan baldintza penagarritan lanean ari ziren bitartean. Apple, Google, Dell, Microsoft eta Tesla akusatuek urtero saltzen dituzten milioika smartphone, ordenagailu eramangarri eta auto elektrikoen litiozko baterien ezinbesteko osagaia da kobaltoa. Munduan erabiltzen den %60 Kongoko harrobietatik ateratzen da. Teknologia merkearen eskari aseezinak kobaltoaren beharra biderkatu du, eta harekin batera Kongoko giza eskubideen urraketa, ustelkeria, ingurumenaren kaltetzea eta haurren lan esplotazioa. Irudian: Kolwezi, Kongoko Errepublikan. Ume bat kobaltoz kargatutako are eta harriak garraiatzeko poltsa lepoan hartuta.
Argazkia: M. Robinson / Alamy
Testua: Axier Lopez