1966. 13 urteko Lontxo Zubeldiaren koadernoa. Euskaraz solastatzeagatik jaso zuen hamaika zigorretakoa: “Eskolan ez da baskoz hitz egin behar” mila aldiz idatzi behar. Argazkia zabaldu duen Kike Amonarrizen hitzetan, hizkuntzaren aurkako jazarpenaren eta gaztelaniaren inposaketa sistematikoaren isla da; egungo egoera soziolinguistikoa ez baita modu naturalean gertatu. 56 urte pasata ere, koadernoak ez du gaurkotasunik galdu; adibidez, lan publikoetarako euskara baino alemana edo frantsesa gehiago baloratzea erabaki duten garaiotan. Euskaraz bizitzeko eskubidea ez dago bermatuta Euskal Herrian, ezta euskara hizkuntza ofizialtzat aitortuta duten lurraldeetan ere. Lurraldearen gehiengoan euskaraz bizitzea oraindik orain erabaki bat da. Erabaki politikoa. Horregatik ez genituzke gaurko eta iraganeko injustiziak ahaztu behar, etorkizuna bestelakoa izatea nahi badugu.
Argazkiak: Dani Blanco
Testua: Axier Lopez