Klima larrialdiak jo gaituela, denok gutxiago kontsumitu behar dugula… Eta bai, hala da, baina ez guztiz. Energia krisi bete-betean gaudela Josu Jon Imazen Repsolek 4.251 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %70 gehiago. Eta Iberdrolak, 4.204 milioi. Haren buru Sánchez Galánek 13,2 milioi euroko soldata izan zuen 2021ean. Ukrainako gerraren aitzakiapean, aspaldiko lapurretarik handiena burutu dute. Baina zerbait ona badu. Munduaren egituraketari buruzko azterketa soziopolitiko edo geopolitiko burutsurik irakurri gabe ere, argi azaldu digute gauzek nola funtzionatzen duten: gutxi batzuk izugarri aberasteko, beste asko pobretuarazi behar dira. Hori bezain sinplea da. Irudian, Jauzi Ekosozialeko kideen protesta Bilbon Energia pobreziaren aurkako nazioarteko egunean, ‘Haien luxua, gure fakturak’ lelopean.
Argazkia: Aritz Loiola – Foku
Testua: Axier Lopez