Euskal Herriko jairik jendetsuenetakoetan egunean 15 ordu inguru lan egiten dute 100 bat euro lortzeko. Kale gorrian, ordu txikietan, paperik gabe eta etengabeko mehatxupean. Horiei, manteroei, saria eman diete Bilboko Konpartsek. Bilboko udaltzainek, aldiz, borra-kolpeak eta isunak banatu dizkiete festetan (ere bai). “Egoera zaurgarrian dauden pertsonak dira, baina legea eta Polizia errespetatu behar dituzte. Inkestek esaten digute jendeak polizia gehiago nahi duela kalean”, dio Bilboko alkateak, bere agindupeko poliziek langile migratzaileak behin eta berriro txosnagunetik kanporatu izana justifikatu nahian. “Legea errespetatu behar da”, azpimarratu du. Lan ultraprekarioen bidez bizitza aurrera ateratzen saiatzen ari diren azal iluneko, behartsu eta paperik gabekoen atzetik Polizia bidaltzen ei duen legea. Eta, kasualitatez edo, manteroen artikulu berberak maila masiboan salerosi eta mugak oztoporik gabe zeharkatzen dituzten enpresari aberatsei alfonbra gorria jartzen dien lege hori bera da errespetatu beharrekoa.
Testua: Axier Lopez
Argazkia: Oskar Matxin Edesa – Foku