2024ko uztailaren 19an, Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen estatu eta enpresa orok ez dituztela lagundu behar Israelen okupazioa eta kolonizazioa, aurretik Genevako Konbentzioak eta Nazio Batuen zenbait ebazpenek esandakoaren ildotik. Horregatik ere da lotsagarria CAFen jarduera Israelek okupatutako lurretan. Bost urteko protesten ondoren eta nazioarteko legediaren kontra, tranbia lineak eraiki, hornitu eta kudeatzen ditu Jerusalemgo hiri okupatuaren eta inguruko kolonia berrien artean, indar okupatzailearen populazioaren mugikortasuna eta hazkundea errazteko. Horrek, bidegabea izateaz gain, indarkeria gehiago sortzen du. Beasaingo multinazionala ez da bere harrokeriatik mugitzen, eta sistema genozida bati laguntzeari laga baino, nahiago du ahaleginak bere burua zuritzera bideratzea, kalitatezko zigiluak ordainduz eta “mugikortasun iraunkorra” eta “erantzukizun soziala” salduz. Eusko Jaurlaritza CAFeko akzioduna da, eta Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen dizkio. Horri “aberastasuna sortzen” laguntzea deitzen diote. Baina ekuazioa are sinpleagoa da: okupatzaile bortitzak dirua dauka, menpeko txiroak ez. Eta giza eskubideak, besterik gabe, ez dira existitzen.
Argazkia: CAF-ek Nafarroan duen sukurtsalaren (Iruñeko Orbital) aurrean protesta egin du BDZ ekimenak larunbatean. Iñigo Uriz / Foku
Testua: Axier Lopez