Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko. Urteak pasa dira, eta kapitalismo modernoak sistema horri bi mehatxu ekarri dizkio: klima-aldaketa eta turismo masiboa. Poloak urtzeak munduko kostaldeko hiri guztiak mehatxatzeaz gain, turismoa hiriko ohea suntsitzen laguntzen ari da. Milioika turistak jotzen du hirira denok milaka aldiz ikusitako selfieak errepikatzera. Kaleak kanalak dira, eta denetariko txalupek (gondola turistikoak, Poliziarenak, txalupa pribatuak, banaketarakoak…) urteak daramatzate aurrera eta atzera. Eta azken hamarkadetan gurutzaontziak ere bai. Hiritik metro gutxira igarotzen direnak, itsas ohantzea irauliz eta hiriko zimenduen zati den buztinezko zoru biguna aztoratuz. Hainbesteraino, ezen distantzia jakin batera hurbiltzea debekatu dieten. Hainbat adituk dio azken 30 urteotan 13 zentimetro urperatu dela Venezia.
Argazkia: Basoberritze Eguna Veneziako iparraldeko aintzira batean. 16.000 zuhaitz berri landatzen ari dira, ekosistema padura gazietatik babesteko. Simone Padovani/Getty Images
Testua: Axier Lopez