Testua: Gabi Basañez - Euskal internazionalista auziperatua. Argazkia: Roberto Serrano (Gasteizko Judimendiko joaldunak - Bil’in - 2006)
Hamarkada batzuk joan dira Euskal Herrian sozialismo iraultzailearen aldarrikapen zein eraiki saioa hasi zenetik; ez da bart sorturiko kontua. Internazionalismoa omen da sozialismoaren esentzia. Euskal Herrian elkartasun internazionalistaren praktika militante antolatuan XX. mendeko laurogeigarren hamarkadan hasi zirenek, ile urdinak orrazten dituzte gaur egun. Elkartasunezko ekintzak eta horien gaineko eztabaida teorikoak aurrera egin ahala, sozialismoaren nolakotasuna zehaztu ez ezik, beste herri batzuekin partekatu beharreko kontuak motxilan gehitu dizkigu.
Che Guevararen adibide miresgarriak begiak ireki zizkion internazionalista andanari, baita gurean ere. Eta irekitzen segi. Elkartasunak teoria behar duen, baina praktika barik antzerki antzua den ziurra. Boterea eskuratu- eraiki ahal izateko elkarri laguntza ematea dela elkartasunaren zutarri garrantzitsuenetako bat. Besteengan azaleratzea baldintza dela, besteekin batera azaltzeko. Emateak dakartzan beldurrak menperatu, eta arriskuak har daitezkeela, zapalketaren funtzioa deseginez. Nazioa behar dela internazionalismorako. Boliviako saioko gerrillak kitxua ikasteko ahalegina egin zuen, tupi-guarania nagusi zen eremu batean murgildu beharra zuenean. Cheren atzealdean, Tania bat ere ezagutu genuen.
Lurra biziduna da, ura du odola eta airea hatsa, ei diote tupi-guaraniek.
Nikaraguari begira jarri ziren euskaldun internazionalistak, eta sandinistek Euskal Herriari begi ematea lortu zuten. Sozialismoa eraikitzeko bideetan, ideologia aniztasuna, ekonomia mistoa, eta alderdi-aniztasunaren hauteskundeak sozialismo iraultzailearentzat irabazteko saioa ezagutu genuen sandinisten eskutik. Euren programa historikoan erlijio aukeren berma eta emakumearen askapena oso goizeko agerpena da. Gizon ederren zerrenda luze baten baitan, Arlen Siú bat izan zela jakin genuen, emakume iraultzaile nikaraguarren emanaren irudi mankomunatua legez. Ostera ere, elkartasunak arriskuak hartzea dakarrela, eurengan azaleratzea, gutar bihurtzea. Elkarrekiko babesa. Hauteskunde galduen mingorra.
Piztia gehiegi hiltzean edo igaro behar ez den lekutik igarotzean gaixotzen da pertsona, dio miskitoen sinesmen batek.
Pakito Arriaranen, Begoña Garciaren, Marta Gonzalezen, Ambrosio Mogorronen ausardia internazionalistak euskaldunok bi herri maitatu eta mundua alda izan dezakegula erakutsi zigun, Cheren emana etxekotuz. Chalatenango ez zen gehiago urruneko ahalegin askatzaileen oihartzuna, geure bidearen bihurgunean irakasgai emankorrenetako bat baizik. El Salvadorrek erakutsi zigun ezinegon estrategikoa eta berdinketa taktikoa negoziazio bidez bideragarri izan daitezkeela.
Chalatenango berba, nahuatl hizkuntza da. Arearen eta uren harana, omen du esanahia.
Chiapasetik jatorrizko herrien agerpen gisa, kaputxadun itxaropentsua heldu zitzaigun, Ama Lurra giza-azal beltzez jantzita. Ramona komandantearen handitasun ñimiñoa. Borrokan diren herrien ordezkariek beste herriekiko harremanetan, batzuetan, hanka barru-barruraino sartu ahal dutela. Baina baita barkamena eskatzen badakitela ere. Kultura borroka tresna, eta elkartasun oinarri. Europako indioek geure burua berrikusteko ispilu bat.
Choleek kanpotar esateko kaxlan ei diote; lan egiten ez dutenak, jatekorik ekoizten ez dutenak, jatekoa ekoizten dutenen lana xurgatuz bizi direnak.
Venezuela, Bolivia, Ecuador, Nikaragua, El Salvador. Matxinadarik gabeko hegemonia saioak.
Bide horietatik, gutxienez, harilkatu zaigu elkartasuna, endredatu burua. Hortik mataza askatzen, berton ere.
Aurrerantzean, jada izaten hasi den modura, elkartasun internazionalista bideratzerakoan, kulturen arteko trukea gero eta garrantzitsuagoa izango da, begiraden topalekua.
Ur-lur-elur.
Kultura gizarte baten gomuta historikoa ei da-eta.
Zer dugu guk eskaingarri?