Testua: Asisko Urmeneta - Marrazkigilea Argazkia: Axier Lopez (Hebrongo umea)
Aitatasunak aldaketak eragiten ditu norberarengan: ume denborako gomutak heldu dira, ooooso ume denborakoak, bai eta sortu aitzinekoak ere… Ez da aisa esplikatzen, baina hari horrek lotzen zaitu nonbait lehenekoekin, lehen-lehenekoekin ere, eta seguraski arrakastatsu suertatu zitzaizkien mekanismoak txertatuak geldituko ziren hor nonbait, neokortex-ek detektatzen ez duen guneren batean.
Bitxia da, nerabetasunak ekarri zigun hormona-inarrosaldian ere, garunak ez zuen zerikusi handirik izan gure mentura, ezagutza, gaubasa, tripi eta istripu, libratze haietan guztietan. Ordea, galduago geunden, erreferentziarik gabe. Banpiroak ginen, ispiluan ez genuen inor ezagutzen. DNA txirikordak bota zigun pilotakada bakana sexuaren lurrina izan zen. Bitxia zen, esperma lehen aldiz esku ahurrean, eta …ezagutu egiten genuen alta.
Norberaren umea altzoan eramatean oroitzen gara gurasoaren besoetara xerkatzen genuen segurtasunaz.