Argazkia: Axier Lopez (Hebrongo zerua, alde zaharretik.) Testua: Galder Olivares, Igorreko alkate ohia eta Biladi Hadi brigadako kidea.
Palestinar umeek ere irribarre egiten dute. Jolastu egiten dute. Baina beren ingurura begiratzen dutenean, jolaserako eta barre egiteko gogoa galtzen dute. Ekipatutako eskola, kiroldegi edo kultur etxea beharrean, begi aurrean soldaduak, checkpoint-ak eta gerrarako armak dituzte. Eskola, kiroldegi edo kultur etxea mugaren bestaldean daude. Judutarrak eraikitzen ari diren 8 metrotako hormaren bestaldean.
Ume palestinar hauek kartzela irekian emango dituzte urteak. Harri artean, besoak gurutzatuta itxaroten. Eguzkiak azala eta itxaropena erre arte. Batzuk orduan buru makur horma zeharkatu beharko dute lanera joateko. Sarreran, Auschwitz-en bezala, Arbeit macht frei (lanak egingo zaituzte libre) irakurriko dute. Besteek, kokotsa goian, hormak apurtu eta ametsa bizitzen ahaleginduko dira. Amesten dutena bizi nahi dutelako, borrokan jarraituko dute. Euren seme alabek genozidioa bizi ez dezaten, bizi zoriontzuagoa izan dezaten.
Ume hauek, gaur gabaz, marradun pijamekin egingo dute lo.