Argazkia: Axier Lopez (Jerusalemgo Sheik Jarra auzoan kolono judutarrek lapurtu eta okupatutako etxeetako baten jabea.) Testua: Garazi Goienetxea, Ikasle mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea.
Urte bete luze igaro da Sheik Jarra auzoa ezagutu genuenetik. Han izan ginen pare bat aldiz kantuan, dantzan, kontaketan…
Etxeko ateak zabaldu zenizkiguten. Komunikatzeko grina zen zuen begietan, ezagutzekoa gureetan. Hamaika bizipen bidegabe kontatzeko, eta gu haiek denak entzuteko prest. Prest? Gogoz bai, behintzat. Ateak baina, irekita zeuden gu heltzerako. Eta zuek etxeko atarian zineten jada, gu iritsi baino zenbait hilabete lehenago. Harreran hainbat koltxoi plastikozko toldo baten azpian. Etxe barruan baino tenperatura hobeagatik izan zitekeelakoan? Ez horixe. Etxe okupatua abandonatzeari uko egiten zenioten. Urteek eta bizitakoek markatutako aurpegi horietan, kemena, indarra, determinazioa: “Ez; ez gaituzte gure etxetik mugiaraziko.”
Palestina. Urte bete luze pasa da gure besoek elkar besarkatu zutela.