Argazkia: Komite Internazionalistak (Rafah - Gaza) Testua: Iñaki Garitaonaindia 'Gari', Hertzainak taldeko abeslari ohia eta bakarlaria.
Palestinatik datorkigun argazki berri bat, berria baina betiko irudia, guztion ezaguna den hondamenarena, eraso berriak, betiko ondorioak, eta eraikin hondatuen ondoan eraikitzear dauden etxebizitzak agertzen dira; biak pare parean, elkar bizitzen, bizitza eta hondamena auzokideak, bizikideak, zeru berari begira, eta zeru urdin berak, biak babesten, leherketa bat eta berarekin, familiak apurtu, ametsak puskatu eta bizitzak ere bukatu egiten dira, bat-batean mundua gelditu da guztiz, guztiz, baina behinbehinean, munduak biraka jarraitzen du bertan ere bai, etengabe, eta eraso guztien gainetik bizitza aurrera doa, beldurra ahaztuta, eguna aurrera doa, hemen bezalaxe han ere bai, egunerokoek ez dute amore ematen, eta egunak zeru urdina dakar hondamenaren gainean eta hondamenaz gainetik, bizitza aurrera doa, argitsu esnatu den zerupean errealitate bi elkarrekin biziz, batak besteari baimenik eskatu gabe, eta bata bestearen ezinbesteko zatia izanik.