Argazkia: Biladi Hadi (Israelgo armadaren granada bat eta palestinar baten zapata) Testua: Joxe Mari Karrere, ipuin kontalaria
Salto egin behar dugu, beste aldeko mundurantz. Egoki salto egiteko lasterraldi azkar bat egin behar da, eta ondoren zerurantz igorri gorputza, lurretik alde egin, airean bidaiatu, gorantz. “Zer gertatzen da ordea, salto egiterik ez baduzu, edo jauzi txikia, eskasa eginez gero? Alde honetan gelditu behar ote?”— galdetu zuen norbaitek. “Eta lurretik alde egin nahi ez badugu?”— beste norbaitek. Hirugarren batek galdera sendoagoa bota zuen: “Eta jauzirik egin nahi ez badugu?”
Ez dute jauzirik egiten oinetakoek, ezta urratsik ematen. Oinak dira belar erre edo berdeetan bidean aurrera egiten dutenak. Oin hutsetan dabilena bere lurrari atxikiko zaio. Eta orduan salto egiterik ez du behar izango, ez baitago aurrera egiteko kemena gelditzerik.