Argazkia: Biladi Hadi (Bakearen aldeko ekimena Jerusalemen) Testua: Leire Ventas, Urola Kostako Hitzako zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
“Exotikoa eta liluragarria” da Jerusalem Espainiako moda eta estilo aldizkari batentzat. “Pasioa, espiritualtasuna, parranda, sentimenduak, emozioa, politika…”., azpititularrean. “Zer moduzkoa da? “, galdetu dit lagunak, konfirmazio bila, bidai erreportajeko irudien exotikotasunarekin liluratuta. Argazkietan: rabino bat, Lantuen Harresian, modelo bat bailitzan; judutarrak Talmuda eta Cabala ikasten; kippa piloa denda batean; neska israeldar cool bat , neurriz gaindiko gona eta txapelarekin… Palestinarren erretraturik ez tartean. Palestinako irudirik ez.
Niri, berriz, borborka datozkit. Damasko atetik hiri zaharrera sartu orduko, soldadu israeldarrak. Israelgo Gobernuak jarritako segurtasun kamerak izkina bakoitzean. Martirien aldeko otoitzaldiak, eguna argitzearekin bat. Kamerak argi joko gisa, argazkia baino mihise gaineko margoa bailitzan, lausoegi harrapatutako unea nitido oroitzen dut: Sheik Jarrako elkartasun gaua. Kandelak, kantuak, kexuak, aldarrikapenak. Eta ordu batzuk lehenago, zortzi bat urteko haurra kale bazterrean jarritako sofa batean etzanda; familiaren etxera sartu ezinaren ondorioz, mutu. Israelgo Gobernuak debekatuta, noski. Eta Israelgo armadak indarrez aterata. “Are you OK?”. Ez diozu hitz bat ere aterako. Eta jarrai nezakeen: check pointak, Kalkiliako harresia, lurrik gabeko nekazari palestinarrak, zaborra Hebrongo palestinarren zeruan…
“Orduan, zer, zer moduzkoa da?”.
“Erreportaje hori? Kaka zaharra. Palestina? Jartoa. Hard. Gogorra, alegia. Utziko dizut nik argazki liburu bat…