Argazkia: Irantzu Pastor (Belengo umea, bere herria isolatzen duen harresia atzean duela.) Testua: Haritz Gartxotenea 'Xaporra', Euskal Preso Politikoen Kolektiboko eta Biladi Hadi brigadako kidea
Argazkiari begira jartzean, neskatoaren begietara doa nire arreta. Ondoren, Palestinar herria banatzen duen horma grisera.
Argazkia espetxeko nire ziegan dudala, kartzela erraldoi baten amets gaiztoak hartzen nau. Euren lurraldean batetik bestera ibiltzeko arazoak, etxeetatik bidal ez ditzaten eguneroko borroka, nekazarien lurrak suntsitzea, ur falta, koloniak eta kolonoen jazarpenakā¦
Amets gaiztoak uxatu, horma grisa alde batera utzi, eta neskatoaren begietan aurkitzen dut babesa. Palestinak mila kolore dituelako oroitzapen ederrenekin geratu nahi dut. Elkartasun, maitasun eta indarrez bete ninduten esperientzien artetik haurrekin bizitakoak ekarri nahi ditut gogora.
Bizi duten gordintasunak sortarazten dien beldur eta ilusioak adierazi zizkiguten marrazkien bidez. Elkarrekin abestu, dantzatu eta jolastu genuen. Haur haien irriak eta bihotzean jasotako Palestina zatitxoa izan dira Euskal Herrira ekarritako opariak. Hemen banatzeko opariak, gure ametsekin batera haienak ere egia bihurtu daitezen.