Argazkia: Gari Berasaluze (Palestinarren hilerria Jerusalemgo Alde Zaharrean) Testua: Maite Ubiria, kazetaria
Eguzkiak zeruan kuku egiten duenean hurbiltzen naiz hilerrira. Irriak eta algarak aspaldi isildu ziren gure familian. Gazte batzuk joan eta besteak eraman zituztenean, alegia. Egun, oroitzapenak gelditzen zaizkit gehienbat. Tarteka bizilagunak etortzen dira etxera. Te inguruan sortzen diren solasaldietan, ordea, antzinako poza desagertu da. Karriketatik hilik itzuli zidaten nire azken semea zenaren erretratuari so joaten zaizkit egunak. Geroztik gaua, samina bezala, amaigabea da niretzat. Horregatik eguzkiak justu kuku egiten duenean, isilka, etxetik ateratzen naiz, eta honeta nator. Hurbil bizi naiz. Al Qudseko auzo zaharrean jaio nintzen, eta ez dut beste bizitokirik ezagutu. Izan ere, nire famila bezala gure auzoa murriztuz joan da. Nire etxean baino aiseago sentitzen naizen hilerri honetan, hauxe pentsatu dut sarritan: Bizirik izan ala hilik izan, palestinarrak harresiaren ondoan. Alta, arbasoen lurrari atxikiak beti!