Argazkia: Axier Lopez (Mukata, Palestinako Aginte Nazionalaren egoitza (Ramallah). Jassir_Arafat buruzagiaren hilobia.) Testua: Martxelo Diaz, Gara egunkariko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
Jassir_Arafaten argazkia, bere zapiarekin, Palestina askatzeko borrokaren irudia izan zen urtetan. 1974an Nazio Batuen Asanblada Nagusian egin zuen hitzaldiak aldarrikapen hau munduko txoko guztietara eraman zuen. Esku batean pistola zuen, bestean olibondo adaxka bat. Palestinarrek askatasuna lortzen ez zuten bitartean ez zela bakerik izanen esan zuen ozenki munduko agintari guztien aurrean. Zoritxarrez, aldarrikapenerako grina hori agortu zitzaion. Osloko Akordioa sinatzea erresistentziaren aldeko hautua baztertzea eta Israelen okupazioa onartzea izan zen. Borrokan emandako urteen gainean Palestinako Aginte ustelaren itzala ezarri zen. Azken urteak Ramallahn egin zituen. Han lurperatu zuten, eta Mukatan israeldarren setioa ere pairatu behar izan zuen.