Argazkia: Aitor Alustiza (Tubas. Artzain beduinoa. Kartelean: Arriskua. Tiro eremua. Sarrera debekatua.) Testua: Mixel Berhokoirigoin, Laborantza Ganbarako lehendakaria
Herri baten lehen eskubidea: bere lurra zaintzea, eta elikadura subiranotasuna segurtatzea. Bien tartean laboraria, bat eta bestea lotu nahian…Munduan zehar mila bat eta erdi laborari helburu horrekin borrokan dabiltza, eta horietarik askok beren familia ere ezin ase!
Arrazoi askogatik, gure mundu triste honek errealitate triste hori bizi du: edo nekazal politika neoliberalagatik, edo agroindustriaren esplotazioagatik, edo, argazki honek agertzen duen bezala, estatu zapaltzaile baten menpekotasunagatik.
Hemen agertzen den artzainak ez ditu bere ahuntzak Palestinako lur aberatsenetan ibiltzen. Israelek lapurtuak ditu hauek. Zisjordaniako lurrak ase lezake Palestina osoa, baina ezin du, Israelen erasoek suntsitzen baitituzte barazki, fruta, eta beste ekoizpenak. Abereek ezin dute bazka ederrik gozatu.
Palestina osoak bezala, Palestinako laborariak bizi egin nahi du. Eta bizi den egun bakoitza erresistentzian da. Eta erresistentzian den egun bakoitzean espero du, estatuen immobilismoaren gainetik, jendartearen mobilizazio internazionala azkartuko dela.