Argazkia: Gari Berasaluze (Manikiak Kalkiliako postu batean.) Testua: Zuhar Iruretagoiena, artegilea
I put a spell on you abestuz hasten da Natasha Atlasen bertsioetako bat; because you´re mine, dio jarraian. Sorgindu egin zaitut, nirea zarelako.
Kapitalismoaren estetika etikagabea da, eta irudikapenaren mozorropean bizi gara. Builaka atera nahi duten hitz guztiak isilperatu nahi ditugu, klonatuz, nahaspilatuz. Banakotasuna erantziz jorratzen ditugu kontsumismoaren bide samurrak. Etengabeko dantza ero errogabean ari gara jolasean, harantz eta honantz, irribarre distiratsu hutsen artean.
Jada ahaztu zaigu esanahiak ezkutatzen dituztela estaltzen gaituzten mihiseen koloreek, formek eta patroiek. Hitzik gabeko istorio txikiak kontatzen dituztela. Kontakizun horretan irudikapenekin gabiltza, antzerki kakofoniko batean murgilduta. Esanahirik gabeko sinbologiarantz igerian.
Hara hemen benetako sorginkeria. Hemen eta han kapitalismoak eta kontsumismoak euren objektu bilakatu gaituzte. Berdintasunaren iruzurra saldu digute gure arimaren truke. So put your a speel on you, because you´re yours.