Argazkia: Axier Lopez (Jerusalem. Kristauak Alde Zaharreko Hilobi Santua elizan.) Testua: Pako Aristi, idazlea
Horra gizon-emakume talde bat burua makurtuta, ustez duela bi mila urte gurutzean akabatu zuten profeta asmodun sermoilaria lurreratua izan omen zen lekuan. Horra gizon-emakumeak, zientzia nagusitu den garaiotan, predikari hura duela bi mila urte existitu zen edo ez dauden zalantza historikoak ezabatu ez direnean, haren itzala gurtzen.
Baina, existitu ez bazen, zer da gurtzen dutena?
Fundamentalismo ororen iturburua, biolentziaren sorburua, euren erlijioaren izenean, defentsan eta zapalkuntza eskubidean justifikatzen diren gerra ororen hastapena.
Arauak hautsi zituen gizonaren hitzak arau bihurtu dituztenak, gizateria osoa euren moduan makurtuta ikusi nahi luketenak, irain eginez adimenari, irain askatasunari, euren arauetako bakar bat hausten duena baztertzeko, zokoratzeko, torturatzeko eta mundutik desagerrarazteko baimenaren jabe. Mendian otoitz egiten zuen gizonaren ibilbidea tenpluz bete dute, zeren beldur, zeren ikara diren ez dakitenek beldurra eta ikara barreiatzeko eskubidea bereganatuz horrela.
Gizon hura agian ez zen existitu, baina haren izenean sortu dituzten kartzeletan egiten dute otoitz haren jarraitzaile sutsuek. Eta armadak meza entzun ondoren abiatzen dira etsaia suntsitzera.