Argazkia: Irantzu Pastor (Israelgo armadako soldadu gazteak Hebronen.) Testua: Jon Garmendia 'Txuria' idazlea eta Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslaria
Esku artean armak ukan behar genituela erran ziguten agintariek, erasoetatik defenda gintezen.
Eta guk, gazte oraindik, zintzo-zintzo obeditu genien.
Denborarekin ordea, armen bidez, Ipar eta Hego, Ekialde eta Mendebalde, eskuratu genuen agintea defendatu behar genuela erran ziguten.
Eta guk, gazte oraindik, zintzo-zintzo obeditu genien.
Agintea errespetatzeko manera bakarra bakea zela erran ziguten gero, eta bake hitzarmenik iraunkorrena fusil batekin sinatzen zela xuxurlatu ziguten. Gerlara bultzatu gintuzten halabeharrez, armak eskutan, bakea defendatzera.
Eta guk, gazte oraindik, zintzo-zintzo obeditu genien.
Azkenik, gure bakea nahikoa ez, eta besteen bakea segurtatu behar genuela erran ziguten.
Armak eskutan hartu eta zintzo-zintzo obeditu genien.
Karrikak balaz josi genituen, gizon, andere eta umeak hil; herriak guztiz hustu arte tiroka jardun genuen.
Eta soilik horrela ulertu genuen agintariek erraten ziguten bakearen esanahia zein zen.