Argazkia: Jon Aranburu (Hebrongo Alde Zaharreko kolonia judutarra.) Testua: Aiora Zulaika, Pirritx pailazoa
Zaila zait irudi hau hitzetan biltzea. Izan ere, ni ez naiz Palestinan izan. Porrotx bai, iazko udan, orotariko titiritero koadrilarekin batera. Bidaia hura laburbiltzen duen argazkia izan liteke hau: Hondarra, harri-koskorrak eta txingoan jolasteko laukiak margotuta lurrean. Eta koloretako harri eta gauzatxoekin osatutako ilara bat, haurrak atzeko hesitik eta alanbrezko amaraunetik babestu nahian-edo. Baina ez dago haurrik, ez da inor ageri. Egun argiz, eguzkipean, atmosfera siniestroa usaintzen da jolastokian. Kaiolan dagoen koloretako mundutxo bat da. Eta horixe dira bertan noiz edo noiz jolastu diren haurrak ere: koloretako mundutxoak.
“…munduak handientzat bakarrik pentsatu zituen eskubideak. Baina haur txikiek eta herri txikiek ere altxako dituzte beren koloretako esku libreak”, abestu zigun behin Amets Arzallusek. Eta hori erabat sinistuta joan zen Porrotx Palestinara, irriaren mezulari, koloretako mundua zakutxo batean hartuta. Eta jolas egin zuen han eta hemen: kolore guztietako zapiak zakuan sartu eta, magia kolpe batez, ostadarraren bandera eta Palestinakoa ateratzen zituen. Gero dantza egin zuten denek, Txapas-en eskusoinuaren erritmoan, eskuak eta irribarreak elkarlotuz. Eta unetxo batez bazen ere, libre ziren.
Begi haietan jasotako indarra, duintasuna eta maitasuna ekarri zidan opari Porrotxek, nik, artean, besoetan nituen hiru hilabeteko bikiei eta haien sei urteko anaiari eman niezaien, egun batean, hauek ere, beren esku libreak altxa ditzaten