Argazkia: Axier Lopez (Banskyren graffitia Bethlehemen) Testua: Raeda Taha, idazlea Itzulpena: Joseba Sarrionaindia, idazlea eta iheslari politikoa
Autoa gidatzeko israeldar baimena berritzeko modurik ez du aurkitu emakumeak. Amman hirira joan behar izaten du, haraxe joaten da asperduratik irteteko, eta ez du hartarako ere eragozpenak izateko gogorik. Nahiago luke Jerusalemera bidaia gogaikarri hau egin ez, ezin duelako hiri hain hurbil eta hain urrun horretan egon. Kalkiliako kontrolgunea pasatutakoan ahaide batekin geratu da, handik aurrerako bidean gizon baten laguntza izateko.
Berrogeita hamar metro egin zituen, emakumeak, oinez kontrolgunerantz. Oinezkoentzako pasa-lekura iristean, hautsa larruan zehar eta brusaren botoi zuloetan barrura sartzen zitzaion. Hortik ez zela pasatuko deliberatu zuen, zalantzarik gabe. Ez zela hastioz, gaiztotasun eta lizunkeriaz nahasturiko izerdi zirkulu horretara sartuko. Bi gizon gazteren haragi irrikek estuturik imajinatu zuen, emakumeak, bere gorputza. Ez zuen masturbazioen gaia izan gura, ez zuen momentu baterako ere etzan nahi, manta horiaren azpian, haien fantasietako ohe zikinean.
‘Gizon horietako bati jotzen badiot haien begiak harriaren antzeko bihurtuko dira’, pentsatu zuen emakumeak, eta pasa-lekuko arduraduna zen ofizialari begira. Gauzak ahalik eta arinen egin nahi zituen, kontrolguneko ateak itxi baino lehenago. Autoren ilarara joan zen arinka, eta bosgarren kamionetaren aurrera heldu zen. Oso urduri jo zuen kamionetaren leihoko kristala, txoferrari begira eta atzealdeko eserlekua galdezka bezala seinalatzen zuela.
‘Bakea bedi zuekin!’ agur esan zien txoferrari eta lagunari. ‘Bilera garrantzitsu batera noa. Ez dizuet enbarazu egingo…’
Konfiantza handiarekin eseri zen, kamionetako atzeko eserlekuan, bere buruaz harro, biktoria historiko bat lortu balu bezala.
Txoferra gazte bizarduna zen, lasai tankerakoa, eta laguna ere halakoa zen, egokia itxuraz. Txoferraren eskuetan Koran txiki bat ikusi zuen, emakumeak. Grinaz ari zen txoferra irakurtzen, plazer ezkuturen bat islatzen zuen bozez. Hiru autok pasatu zuten kontrolgunea eta, kamionetak aurrera egin ahala, txoferrak Korana leitzen jarraitzen zuen.
Eta kontrolguneko soldaduekin batera bere burua lehertzeko asmoa badu?’ pentsatu zuen emakumeak. ‘Begi bistakoa da halako ideia bat duela. Ez dakit ihes egin ahal izango dudan; zerbait esaten badit, ezin izango dut alde egin!’
Eta orduan…
Auto bat geratzen zen aurrean bakarrik. Txoferrak Korana itxi eta, isilean, lagunari eman zion. Grabagailua piztu zuen eta xeika Behiaren sura ari zen irakurtzen…
‘Hauekin batera hilko naiz’, pentsatu zuen emakumeak. ‘Kanpora irten nahi dut, negar egin nahi dut, heroia izan nahi dut nik ere akaso…’
Xeikaren boza tonoz igo zen, emakumeak bere pentsamendua baizik entzuten ez zituela: ‘Ez dut minik izango. Birrinduko naiz. Espero dut dinamita nahikoa izatea sufritu beharrik ez izateko…’
Kontrolgunean ia bertan zeuden jadanik.
Txoferrak atzerako ispilutik begiratu zion. Emakumeak sosegu begirada itzuli zion, eta etsipen irribarrea.
Metro bakar batera zegoen, kontrolgunea.