Testua: Ainara Gorostizu eta Arantxa Urbe - Berria eta Hik Hasi aldizkariko kazetariak eta Biladi Hadi brigadako kideak. Argazkia: Irantzu Pastor (Kolono judutarrek itxiarazitako Hebrongo alde zaharreko denda bateko jabea.)
Hebron zaharra dakusate begi urdinek, aurrez aurre. Mamu bat. Hebron zaharra mamu bat da gaur egun. Izan zena baina izan ezin duen hiri bat. Bizia, koloretsua, zaratatsua; itxia, zarratua, hila, isila, hotza da gaur.
Dendak zarratuta, palestinarrak elika ez daitezen. Etxeko sarrailak ezin itxi, militar israeldarrak noiznahi nonahi sar daitezen. Kontrolguneak, bat, bi hiru, hamaika, juduek eta zuk eta nik igaro ditzakegun kontrolguneak, baina ez berak eta ez beste palestinarrek igaro ezin dituztenak. Eta murru bat. Sorgor, erditzeko zen amari etxetik ateratzeko baimena eman ez diotelako zurtz jaio den umearen negarrari gor. Horra hor Hebron.
Aurrez aurre begiratzen dute mundua begi urdinek. Eta diote, noiz arte?
Hebron. Harriak banan-banan ipiniak gure begiek mamurik ikus ez dezaten. Harriak banan-banan ipiniak begi urdinek ikus ez dezaten munduak ederra izaten jarraitzen duela.
Bizitzak biziraun egiten du egunero munduak Hebron izena duen lur horretan.
Eta begirada zohargiak itauntzen gaitu, akaso: noiz arte?