Testua: Aroa Lasa - Arramazka musika taldeko abeslaria eta Biladi Hadi brigadako kidea Argazkia: Axier Lopez (Nablus. Palestinako Emakumeen Komiteak taldeak sorturiko haurreskola)
Hiriko zerua itzaltzen zenean, sartzen zen bakea Aixaren barruan. Gauez, kaleak egunez baino arriskutsu eta beldurgarriago bilakatzen baziren ere, Aixari ez zitzaion amets egiten ahaztu. Orduan ikusten zituen bere bost urteko begiekin ikustea zegozkionak.
Palestinako Nablus hirian jaiotzea egokitu zitzaion honek, jaio baino lehen ere sentitu zituen amaren negarrak, aita etxera itzuli ez zenean. Aita ez zenean…
Zer ikusten du haur Palestinar batek begiak ixten dituenean? Nola sartu, irudi eta zarata gogorregi horiek bizitzen hasi ere egin ez diren gorputz txikiegi horietan?
Hiriko zerua itzaltzen zenean, ez ziren etxeetako gelak argitzen, Nablus zabalaren alboetan gailentzen ziren mendietatik zetozen balak itsutze aldera. Entzuten ziren, zarata jasanezin horiek, hiritarren gau esnatuetan orroaka.
Aixak gauero bere aurpegia laztantzen zuen, poliki -poliki; aitak laztanduko balu bezala. Esku handi-handiekin; inoiz helduko ez zituen esku handi handiekin.
Laztanak lokartzean esnatzen ziren ametsak. Hiriko zerua itzaltzen zenean, sartzen zen bakea Abduren barruan. Gauez, kaleak egunez baino arriskutsu eta beldurgarriago bilakatzen baziren ere, Abduri ez zitzaion amets egiten ahaztu. Orduan ikusten zituen bere bederatzi urteko begiekin ikustea zegozkionak.
Palestinako Ramalan jaiotzea egokitu zitzaion honek, jaio baino lehen ere sentitu zituen amaren ojuak alaba hil ziotenean. Alaba ez zenean…
Zer ikusten du haur Palestinar batek begiak ixten dituenean…