Argazkia: Axier Lopez (Balata (Nablus) errefuxiatu eremuko ume bat, atzean Arramazka taldearen kontzertua.) Testua: Gari Berasaluze, kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea.
Ez naiz inoiz egon Balatan. Ez dut bertako errefuxiatu eremua ezagutzen. Egun hartan, bidaide erdiek Yousef Nasser alkatearekin hitzordua genuen Bir Zeiten, eta goiz heldu ginen. Lurralde okupatuetan, bi punturen arteko distantzia luzeena checkpoint bat da, eta horren arabera neurtu behar da denbora. Goiz hartan, ordea, ez gintuzten gelditu Nablusetik ateratzean, eta garaiz heldu ginen Bir Zeitera.
Zain egon behar hartan, eskolako patioan jolasean ari ziren haurrei begira egon nintzen, eta irribarre hau eta begi hauek aurkitu nituen han ere. Aida, Al Ain eta beste errefuxiatu eremuetan bezala. Jerusalem, Sheik Jarra, Ramala, Kalkila, Bethlehem, Hebron edo Jaffa izeneko lekuetan bezala. Haurrak eta pistolak. Olibondoen geografian harresiek soilik dutenean lekua, ezer esan gabe dena esaten duen alfabeto horretan. Haurrak eta irribarreak.
Ez baitago esan beharrik. Hiri zaharreko kaleetan bezala, batzuetan, bi herriren arteko distantzia laburrena begirada bat da.