Testua eta argazkia: Koldo Alzola, Komite Internazionalistak taldeko kidea (Gazako Rafah herriko etxe bat)
Errepide ertzean asfaltoan irekitako pitzadura batetik ateratzen den bitxiloreak bezala bizitzak gainezka egiten du, zirrikitu bihurrienetik ere agertzen da bizitza, gutxien espero duzunean, zure harritzeko gaitasun zaildua gainditzeko. Baita Gazako Rafah hiriaren azken muturreko azken karrikako azken etxean ere, edo hobeki esanda, garai batean etxea izandako porlan, adreilu eta burnizko hezurdura hauskor horretan. Azkena da, abangoardia. Haratago ez dago ezer, hondakinez beteriko orubea baino ez, Philadelphia korridorea deritzotena, Israelgo armadak, betiere segurtasun arrazoiak tarteko, Egiptorekiko muga eta Rafa artean irekitako eremu hutsa. Garai batean milaka gazatarren bizitokia zen auzo populatua birrindu, eta 200 metroko luzerako eta 10 kilometroko zabalerako txikizio-esparrua sortu zuten Israelgo Caterpiller hondeamakinek. Eta 200 metro horien beste aldean, konzentrazio eremuaren ertzak mugatu, eta ortzmugaren ikuspegia galerazten duen burnizko pareta erraldoia. Eta harago Egipto, atzemanezina. Horma zulatu horiek txikizioaren, bonbardaketen, eta auzokoen kanporatzearen lekuko izan dira, eta, hala ere, azkenak izan dira suntsituak izatetik libratzen… Irudikaezina da bizitza arrasto bat topatzeko leku okerragorik. Baita hor ere, birrindutako etxeen hondakinen zurrunbiloaren erdian egiten du gainezka bizitzak. Eta bertan irauten dutenen arropa zabaldua bandera bat da, harro, duin, arerioari hortzak erakusten dizkiona. Menderaezinen bandera.