Argazkia: Biladi Hadi (Aida -Belen- errefuxiatu eremuko sarrera.) Testua: Kristiane Etxaluz, militante abertzalea
Belenen dago Aidako errefuxiatu eremuko sarrera. Egun, harresiak inguratzen du, oso era gogorrean.
Ate gaineko giltza handiak esanahi argia du: 1948ko gudaz geroztik Israelgo armadak ehunka herrixka okupatu, eta milaka palestinar desplazatuarazi arren —errefuxiatu bihurtuz edo norbere etxean arrotz sentiaraziz—, etxera itzultzeko giltza bederen eurekin atxiki dute palestinarrek.
Gure errefuxiatuekin alderatu nahi bagenitu, ez genuke sobera antzekotasun aurkituko. Gehienik ere, zeinahi errefuxiatuk etxera itzultzeko ukan ohi duen gogo etengabea. Alta, bi arazoen iturria ber garaikoa da: bigarren mundu gerlaren ostean, pertsona berberek erabaki zuten Espainiako Estatuan frankismoa egonkortzea zela onena, eta Palestinan “Herri juduaren aberria” eraikitzea, palestinarrak “quantité négligeable” kontsideratuz. Beraz, kutsatuak jaio ziren orduko bakea bermatzeko planteatu ziren printzipio demokratiko guziak, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala barne.
Israeleko Estatuak ez du Konstituziorik, ez delako onartzen ahal lege arruntek testu sakratua gainditu dezaten. Ezadostasunak trenkatzeko, edo eta immigrazioa antolatzeko, azken hitza estatuak ordaintzen dituen tribunal erlijiosoena da beti. Eta hala ere, munduko iritzi publikoa eraikitzen duten profesionalen arabera, haiek dira demokratak, eta ados ez direnak terroristak. Horra bigarren antzekotasuna euskaldunokin.
Gure herrira begiratuz ikas dezakegu nola lagundu palestinarrei. Elkartasunaren lehen urratsa, beti, zapalduen egia kontatzeak izan behar du: informatzeak. Haientzat eta guretzat, gero eta premiazkoagoa den betebeharra. Izan bedi Aidako giltza informazio horretara heltzeko password unibertsala. Eta iris dadila mundu osora; baita Israelgo nahiz diasporako judu jendearengana ere.