Argazkia: Axier Lopez (Jerusalem. Damuen harresia) Testua: Martxelo Otamendi, Berria egunkariko zuzendaria
Urteak daramatzat pentsatzen, eta esaten, palestinarrak herrialde arabiarretako pariak direla. Hamarkadak egin dituzte buruzagi arabiarrek palestinarren aldeko hitz ederrak esaten, baina ia inork ez du bere estatusa arriskuan jarri palestinarren alde egiteagatik. Oso ondo baliatu du Israelek egoera, eta ausardia falta hori.
Azken urte erdi honetan, ordea, mugimendu berriak eta interesgarriak izan dira ia herrialde arabiar guztietan. Erreboltak gertatu ez diren herrialdeetan, gutxienez manifestazio jendetsuak eta jarraitu samarrak izan dira. Inork duela urtebete aurreikusten ez zuena gertatu da, eta gertatzen ari da, inguru estrategiko horretan. Zer jokabide hartuko dute palestinarren auzi mingarrian Egiptoko, Tunisiako eta Libiako gobernu berriek? Orain arteko gobernuen hitz solteetan geratuko dira, edo fronte berri, elkartu eta eraginkorra osatuko dute Israel bere lekuan jartzeko?
Seguru nago gobernu berri horiek orain arte aurrekoek erakutsi ez duten sendotasunez jokatzen badute, beste indar korrelazio bat osatuko dela gatazka horretan, eta urteetan mugitu ez diren beste herrialde arabiar batzuek (Maroko, Jordania…) mugitu, posizio erosoak alde batera utzi, eta korronte berriarekin bat egin behako dutela. Israelek eduki beharko luke aurrerantzean kezkatzeko arrazoia. Beste behin herrialde arabiarrek daukate giltza: duintasuna itzuli palestinarrei, edo paria izaten segi dezaten bultzatu.