Biladi hadi brigada Euskal Herria Palestina sarearekin batera sortu zen. Era paraleloan agian, baina helburu eta motibo bertsuekin: Euskal Herriaren eta Palestinaren artean elkartasun zubiak eraikitzea musikan, bertsolaritzan, arlo akademikoan, profesionalean, kirolean, dantzan… Finean, bi herriok elkarganatzea, eta geurean, behintzat, Palestinak Israelen eskutik pairatzen duen genozidio etengabea ezagutzera eman, eta urratsez urrats geldiaraztea.
Izan ere, Palestinak desagertzeko arriskua du, arrisku larria. Zoritxarrez, XXI. mendean badira desagertzen diren herriak. Gehienetan ez gara ohartzen: auskalo nongo geografian bada herri bat bere azken herritarra hiltzear daukana. Ziniko batzuentzat bilakaera naturala da. Ezaguna da Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eman zuen datua: 6000 hizkuntza daude munduan, erdiak desagertzeko arriskuan. Zenbat desagertu dira datua jakinarazi zutenetik gaur arte?
Palestinaren desagertze-arriskua kasu berezia da. Ez da bilakaera naturala, jakina, iragarritako hilketa baten kronika baizik: Etengabe, egunez egun, ari da Palestina lurra galtzen, eta gero eta palestinar gehiago —honezkero gehienak— ez dira arbasoen etxeetan bizi. Palestinarrak ohartu dira heldu ahal dela eguna Palestina erabat desagertuko dena, eta nazioartea deritzan horrek zirkinik ere ez duela eginen.
Latza da, baina egunero ikus dezakegu telebistan iragarritako hilketa honen kronika: nola minbizi baten eran hedatzen diren koloniak, nola lapurtzen dioten beste ur putzu bat, nola suntsitzen dioten olibondo-saila, nola eraikitzen dioten harresi bat eta zainak eten, nola zigortzen dituzten seme-alabak migratzera… Alferrik.
Zorionez, palestinarrak ez daude etsitzeko prest. Zaharrek arbasoen etxeko giltza erakusten dizute harrotasunez, umeek garaipenaren sinbolotzat bi atzamarrak altxatu eta irribarrea marrazten dizute, emakumeek etxea eta etxekoak defendatzen dituzte, gazteek tankeak harrika hartu… Espetxeetan, errefuxiatu-eremuetan eta erbestean hezkuntza indartzen dute, historiaren ezagutza bermatu, eta Palestina, beren biladi, egunero borrokatzen den oroitzapen bizia bilakatzen dute.
Nazioartekoaren pasibokeria eta Israelekiko konplizitatea 60 urtez pairatu eta gero, palestinarrek munduko herrioi jarri ziguten erronka 2005ean, Israelen aurkako boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina iraunkorra egiteko (BDS, ingelesez), Apartheid-aren Hegoafrikaren kontra egin zen modura.
Elkartasun tresna horrek Hegoafrikan emaitza ikusgarriak lortu zituen. Esaterako:
• Hainbat herrialdek Hegoafrikaren kontra bultzatutako zigor, isun eta desinbertsioek estatu haren ekonomia izugarri ahuldu eta politikoki isolatuta utzi zuten.
• Kirolariak (errugbi-jokalariak barne. Errugbia da Hegoafrikako kirol nagusia), kulturgileak, artistak… ezin zuten jardun nazioartean, Hegoafrikako estatuaren ordezkariak ziren heinean, estatu arrazista salatu ezean.
• Nazioarteko artista, kirolari eta musikari asko eta asko ez ziren Hegoafrikara joan.
Milaka eta milaka lagun mobilizatu ziren Hegoafrika zuri arrazistaren kontra, eta milaka eta milakak babestu zuten Nelson Mandela ordezkatzen zuen Hegoafrika. Horren harira egin zituzten Wenbley estadioko kontzertu erraldoiak eta kanta mitikoak, eta diziplina guztietako artistak eta intelektualek hartu zuten esku. Azkenean, hegoafrikar herriaren borrokak —aurrena— eta munduko herritarren —hurrena— arrazakeriari, zapalketari eta bazterkeriari irabazi zieten partida.
Palestinari dagokionean, BDS deialdia egin zenetik 6 urte pasa dira. Poliki-poliki, elkartasun kanpainak urratsak egin ditu, eta sendotu egin da. Gogoan dut kanpainaren hastapenetan nolako bertigoa sentitzen genuen, sionistaren baten presentzia salatzeko Israeli boikot! idatzita zuen pankartari eusten genionean.
Kontuan hartuta Hegoafrikako kasuan boikot kanpainak ia 40 urte iraun zuela, eta, batez ere, azken 5-10 urteetan hasi zela masiboa izaten eta emaitza ikusgarriagoak lortzen, Palestinaren aldeko kanpainak eman ditu honez gero fruitu koxkor baina polit askoak: Zenbait enpresak desinbertsioak egin ditu Israelen, gobernu batzuek harremanak eten, goi mailako artistek Israelen musika jotzeari edo filmak aurkezteari uko egin diote, Suedian teniseko Davis Kopako partidak ateak itxita jokatu behar izan ziren, Turkian saskibaloi partida bat bertan behera utzi zen, 2009ko Gazan sarraskia egin zutenean ontzi israeldarrak ezin izan ziren porturatu Hegoafrikan eta Grezian… Oro har, kanpainak oihartzun handia du ipar-mendabaldean, baina baita Latinoamerikan, Hegoafrikan, eta, jakina, mundu arabiarrean ere.
Euskal Herrian azken urteetan salaketa ekintza asko egin dira kirol arloan, musika arloan, film israeldarren presentzia salatzeko, baita produktu israeldarrak saltzen dituzten enpresen aurrean ere… Nazioarteko deialdietan parte hartu izan da, eta garaipen propio bat ere badugu: Hondarribian bertan behera utzi ziren Israelgo gastronomiaren gaineko jardunaldiak. Hondarribiako orduko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia ziren ekimenean parte hartzekoak, Israelgo sukaldariekin eta staff handiarekin batera.
BDS kanpaina 200 elkarte palestinarrek eskatu diguten ahalegina da; ez da guk asmatutako kanpaina bat. Hegoafrikan, gainera, bere eraginkortasun estrategikoa erakutsi zuen. Munduan eta Euskal Herrian boikota, desinbertsioak eta zigorrak egin daitezen, elkartasun taldeek izan behar dute motorra, baina erakunde, sindikatu, musikari, bertsolari, kirolari, ikasle eta irakasleen parte-hartzerik gabe ezinezkoa da hori aurrera eramatea.
Agian hau irakurtzen ari zaren horrek zer helbururekin edo noiz arte egin behar den kanpaina hau galdetuko diozu zure buruari. Hauek dira palestinarrek ezartzen dituzten mugarriak:
1. Lur palestinarren gaineko okupazioa eta kolonizazioa amaitu behar da, eta lotsaren harresia bota.
2. Israelen bizi diren herritar palestinarrak berdintasunean bizi behar dira, oinarrizko eskubideak aitortuta.
3. NBE Nazio Batuen Erakundearen 194. ebazpenak aitortzen duen moduan, errefuxiatu palestinarrek beren etxeetara itzultzeko duten eskubidea aitortu, bermatu eta gauzatu behar da.
Ez dira helburu makalak, eta bidea luzea izango da. Zuk ere bide-lagun izan nahi baduzu, lekua baduzu Euskal Herria Palestina sarean: zure musika, zure langile izaera, zure dantza, zure erakunde-ardura, zure kirolari sasoia, zure irakasle gaitasuna… Zure konpromisoa behar dute palestinarrek.
Biladi, biladi… etor hadi!
Informazio gehiago: www.israeliboikot.org
Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik – Creative Commons, cc-by-sa