Biladi hitzak arabieraz “nire herria” edo “nire lurra” esan nahi du, eta palestinarren ereserkiaren izenburua ere bada. Webgune honetan aurkituko duzuna da Biladi Hadi elkartasun brigada kulturalak, Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera, garatutako proiektua. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada izan zen, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean diharduten euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste.
Uztaileko brigadako kideak: Amaia Agirretxe ikasle mugimenduko kidea, Arantxa Urbe kazetaria, Josu Mendinueta Arbizuko alkatea, Jon Mindegiaga idazlea, Patxi Bidart musikaria, Kimetz Arana Meatzaldeko herri mugimenduko kidea, Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ pailazoa, Josu Txapartegi ‘Txapas’ musikaria, Josu Martinez zinemagilea, Jasone Parada, Gorka Etxebarria, Ainara Gorostizu kazetaria, Gotzone Amuriza Igorreko zinegotzia, Galder Olibares Igorreko alkatea, Oiartz Eizagirre herri mugimenduko kidea, Fran Balda eta Haritz Gartxotenea ‘Xaporra’ euskal presoen aldeko mugimenduko kideak, Hodei Iruretagoiena kazetaria, Fredi Paia eta Iñaki Vinaspre bertsolariak, Alberto Pradilla kazetaria, Unai Vazquez eta Lidon Soriano mugimendu internazionalistako kideak
Iraileko brigadako kideak: Arramazka musika taldeko Aitzol Lasa, Aroa Lasa eta Mikel Goikuria, Xabier Lasa Ikasle Abertzaleak taldeko kidea, Unai Pastor, Irati Mogollon, Ander Perez eta Garazi Goienetxea gazte mugimenduko kideak, Axier Lopez Argiako kazetaria, Leire Ventas Hitzako kazetaria, Gari Berasaluze Irriak Lagunak taldeko kidea, Jon Aranburu Hala Bedi irratiko kazetaria, Martxelo Diaz Gara egunkariko kazetaria, Asier Altuna ezker abertzaleko kidea, Alazne Olaizola Zestoako alkatea eta Jose Manuel Oiarzabal Alegiako zinegotzia
Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordea. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari.
Bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau. Euskal Herrian hainbat eremutan ezagunak diren pertsonekin elkarlanean, musika eta hitzak jarri dizkiegu gure bidaian ateratako irudiei; palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiei. Horien bitartez, bat egin nahi dugu nazioartean garatzen ari den Israeli Boikot ekimenarekin, Israelek zapalketa alde batera utzi, eta herri palestinarra aske utz dezan.
Urrats txiki honek beste batzuk izan beharko ditu atzetik, azkenean herri gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun.
Palestinatik idatzi genituen kronikak eta grabatu genituen bideoak eta komunikabideetan izan genuen oihartzuna blog honetan bildu genituen.
Brigadako kide pare batek bideo hau osatu zuten Euskal Herrira itzultzean, brigadaren laburpen gisa.
Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik – Creative Commons, cc-by-sa