Ia 800 urte pasa direnean Chomeiren bakardadearen antzeko zerbaiten bila, Japoniako gazte asko beren etxeko gelan bakartuta eta inorekin harremanik izan gabe bizitzen hasi dira. Hikikomori izena hartu dute eta herrialdeko gazteen %10a dira, 1.000.000 lagun gutxi gora behera. Gauak telebista ikusten edo bideojokoetan jolasten pasatzen dituzte eta egunez lo egiten dute, beti ere gelatik atera gabe.
“Egun batean etxeko sukaldean sartu, atea itxi eta ateratzeari uko egin zion”. Phil Rees BBCko kazetariak Japoniara egindako bidaian gertutik ezagutu ahal izan zuen ermitau berri hauen familiek bizi duena. “Sukaldeko mutila izenarekin besterik ez nuen ezagutu” dio Reesek fobia sozial bitxi hau pairatzen duen gazte baten familiarekin bizi izandakoak kontatzen dituen erreportajean. Izan ere, hikikomorien gurasoak arazoa ezkutatzen saiatzen dira, bizilagunek eta ezagunek jakin ez dezaten. Sarritan ate-azpitik janaria eman eta semea noiz aterako zain geratzen dira. Itxaronaldiak ordea urteak iraun ditzake.
Orokorrean indarkeriarako joerarik ez
2000. urtean 17 urteko hikikomori batek itxialditik atera, autobus bat bahitu eta bidaiari bat hil zuen. Japoniako hedabideek berehala zabaldu zuten izua. Hala ere, adituen esanetan hikikomori gehienek ez dute bortizkeriara jotzen normalean. Gertatzen denean ordea egoera larria bilakatzen da. Masayuki Okuyamak inork baino hobeto daki. Bere semeak behin baino gehiagotan erasotu zion, berak indarrean etxetik atera eta bere pisua erosteko dirua ematea erabaki zuen arte. Geroztik ez dute harremanik izan. “Sabeleko minbizia nuelako ebakuntza egin zidaten eta ospitaletik etxera itzuli nintzenean semeak ‘mesedez hil’ zaitez esan zidan. ‘Zure bizi aseguruaren dirua eskatu nahi dut, hil zaitez'”.
Semearen erasoa jasan zuenean sentitutako babesgabetasunak hikikomorien gurasoen laguntzarako erakunde bat sortzera eraman zuen Okuyama. Egunero lauzpabost gutun berri jasotzen ditu. Fenomenoa hain zabaldua dagoenez, Japoniako gizarte-laguntzek ezin diote aurre egin.
Adituek iritzi desberdinak dituzte fenomeno honen jatorriaren inguruan. Batzuen ustez gizarteak gazteei eragiten dien presioa da beren gelan giltzapetuta bizitzera eramaten dituena. Antonio Melichek gaiaren inguruan idatzitako artikuluan lotsaren kulturak izan dezakeen eragina azpimarratu du. Artikulu berean denbora luzez bakardadean bizi izan zen pertsona batek ukatu egiten du hikikomoriena gaixotasuna denik: Japonian “kurrikulumean hutsune bat edukitzea suizidio soziala da” bere esanetan eta hori dela-eta, hikikomori fenomenoa gaixotasuna baino “gizarte egoera” dela dio. “Japonia bizitzeko leku errazagoa bihurtzen ez den bitartean zenbakia ez da gutxituko.”
Beste iritzi batzuk ordea ez daude erabat ados gorago esandakoarekin. Tamaki Saito doktorea gai honetan dagoen aditu garrantzitsuenetakoa da. Bere ustez Japoniaren historiak eragin handia du jokamolde hau ulertzerako orduan. Egoerari irtenbidea bilatzen zaila dela aitortu du hala ere duela gutxi kaleratutako artikuluan.
Hikikomori izan nahi duen euskalduna
Jatorria edozein dela ere geroz eta ikusmin handiagoa sortu duen fenomeno soziala da. New York Timesek edo Al Jazeerak adibidez artikuluak kaleratu dituzte gaiaren inguruan. Adierazgarria da zinemara ere heldu izana Tamago filmaren bitartez. Momentuz Japonian bakarrik iritsi da benetako arazoa izatera, baina AEBn ere aurkitu dira kasuak. Gurean ere batzuek erakutsi dute isolamenduaren aldeko jarrera hori, blogari honek besteak beste, nahiz eta, bistakoa denez, oraindik ez dituen gizartearekin harremanak hautsi. Eta zuk? Etxean geratu nahi?