Biniloa hil egin da: DJ berriek teklatuaz inprobisatzen dute

Gorka Bereziartua
0
toplap
TOPLAP erakundearen logotipoa.

Azken aldian musika elektronikoak eman duen asmakizun interesgarrienen artean “zuzeneko kodetzea” deritzaiona dago. Zer den hau? Modu sinple batean azaltzeko: Imaginatu pub bat, ohiko DJ-a eta bere plateren ordez ordenagailuan etengabe kodeak sartzen ari den gizaseme bitxiarekin. Musika biniloetatik edo instrumentuetatik sortu ordez ordenagailuko teklatutik zuzenean bozgorailuetara doa, eta oraindik istorioaz erabat jabetu ez den entzulea zeharo harrituta geratuko da ondoko lagunak ikusten ari denaren atzean dagoena azaltzen dionean.

Musika zuzenean kodetzea programazio interaktiboaren azken urratsa baino ez da. Azken finean programa zatiak eraikitzean datza, baina aplikazioa bera abian den bitartean. Doinuak sortzeko ez da ordenagailua besterik behar: melodiak programan sartzen diren kodeen bidez eratzen dira eta horri esker erritmo eta egituren gaineko erabateko kontrola dauka musikariak. Hortik aurrera, inprobisazioa nagusi.

“Aurrez prestatutako testuekin aritzeko joera dut goizeko hiruak badira eta edaten ibili banaiz. Mozkorturik ez egotea lortzen badut ordea, ausartagoa izan eta inolako koderik gabe hasiko naiz” dio Alex McLean musikari eta artistak Wired Newsen. Bera da zuzeneko kodetze bidezko musikaren lehen urratsetan gehien nabarmendu den musikaria eta TOPLAP (“Temporary Organisation for the Promotion of Live Algorithm Programming”, “Zuzeneko Algoritmo Programaketaren Promoziorako Aldi Baterako Erakundea”) mugimendua sortu eta garatzeko ezinbestekoa izan da bere lana.

TOPLAPen filosofia

Neurri batean jazz musikaren filosofia bera jarraitzen dute zuzeneko programatzaileek: sortzen duten musika inprobisatua da eta beraz pieza bakoitza bakarra eta errepikaezina. Gainera erakundearen manifestuan argi uzten dute nahiago dutela inolako grabaketarik (CD, DVD… eta abarretan) ez egitea.

Beste printzipio adierazgarri bat kodea erakustearena da. Zuzeneko saioetan beti dago pantaila bat, momentuan sortzen ari diren kodeak erakusten dituena. Azken finean, ohiko musikarien antzera jendeak zuzenean zer sortzen ari diren ikusteko aukera izatea beharrezkoa da beraien ustez. “Ilunkeria arriskutsua da, erakutsi zure pantaila” diote manifestuan.

TOPLAPeko kideen ustez beraien musika eta orain arte egindakoen artean, sortze prozesuan behintzat, ez dago desberdintasun handirik: “Zuzeneko kodetzea ez da lanabes kontua. Algoritmoak pentsamentuak dira. Motozerrak dira lanabesak. Horregatik batzuetan algoritmoak motozerrak baino zailagoak dira ulertzeko”.

Norberak sorturiko programak

Noski, modu horretan musika egin ahal izateko ohiko testu editore bat ez da aski eta zuzeneko kodetzaileek beraien programak garatu behar izan dituzte. TOPLAPen web guneko atal batean (bide batez azken aldian moda-modan dauden wiki erara osatua) orain artean gehien erabili izan diren programen zerrenda dago, erabiltzen ikasteko tutorialak eta guzti. Udako arratsalde batean aspertuta zaudela eta ez dakizula zer egin? Ikasi ezazu ordenagailua “jotzen”!

Lotura interesgarriak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA