Indiarrak Microsoften aurka

Gorka Bereziartua
0

Pinguinoa handi egin da Indiako eskualdean

Tatanka Iyotanka eta bere lagunak ez dira zaldi gainean ziztuan abiatu Bill Gatesen buru-azalaren xerkan. Lasai irakurle. Hau ez da imaginatu berri duzun western hori. Ez gara indiar horietaz ari, Indiako indiarrez baizik, Kerala izeneko eskualdekoez hain zuzen ere. Gobernuan den Alderdi Komunistak hiru urteko plana abian jarri du, irakaskuntzan Microsoftek daukan monopolioa apurtzeko, software librearen alde eginez.
Planak eskualdeko ikasleak GNU/Linux lizentzia libreko sistema eragilearekin treba daitezen nahi du. «Denborarekin Microsoft erabiltzea aukeratzen duten gutxi batzuk gera daitezke, baina gehiengoak arazo hori gainetik kendu behar du» adierazi du M.A. Baby, Keralako irakaskuntza ministroak: «Ez dugu Microsoft debekatu, baina edozein arlotako monopolioen kontra gaude eta indar biziz bultzatuko dugu doako softwarea».
Merkatu garrantzitsua
Batek baino gehiagok pentsatuko du estatu bakarrak horrelako kanpaina abian jartzeak ez diola Bill Gatesen enpresa erraldoiari kalte handiegirik eragingo. Kerala ordea, Indiako merkatuko gakoa da, Microsoft Indiako sektore publikoko arduradun Rohit Kumarrek azaldu duenez. Indiako estatu txikienetakoa izanda ere, %90eko alfabetatze-tasa dauka Keralak, herrialdearen bataz bestekotik (%65) gora. Kumarrek, jarrera diplomatikoa hartu arren, ezin du gobernu komunistaren jarrera ulertu: «Bezeroen erabakiak errespetatzen ditugu, baina irakaskuntzako erakundeentzat oso eskuragarriak diren produktuak eskaintzen ditugula uste dugu».
Ordenagailu bakarrerako Windows XP sistema eragilea 25 eta 30 euro bitarteko prezioan saltzen du Microsoftek Indian. Keralako 12.500 ikastetxeetako ikasleek doako programak erabiliko dituztela kontuan hartuta kezkatzen hasiak dira Redmond aldean. Are gehiago enpresak herrialdeko irakaskuntzan bere produktuak sartzeko egin dituen ahaleginen ondoren. Ikusi bestela Indiako Microsoftek bere web gunean irakaskuntzaren alorrean sustatu dituen ekimen guztiak.
Interes hori are argiago utzi izan du ordea Ravi Venkatesan konpainiaren herrialdeko buruak, Indiaren garapenerako gakoak azpimarratzean. Duela zenbait hilabete India berrikuntza da izeneko hitzaldian irakaskuntza aipatu zuen herrialdea aro berrietara egokitzeko lehendabiziko giltzarri gisara. Herrialdearen etorkizun hurbilaz hitz egin zuen: «Zenbat eta jende gehiagok ordenagailuak erabiltzen ikasi, epe luzera, Indiaren garapen sozio-ekonomikoarentzat hobea izango da eta guretzat ere bai». Herrialdearen garapen teknologiko eskasarekin kezkatuta azaldu zen, nekazaritzatik bizi diren inguruak izan zituen hizpide… Baina ahoan bat eta gogoan beste bat mintzatu zitzaizkion Venkantesani: «BPGaren %4 gastatzen dugu irakaskuntzan (…) Klase ertaineko familiek berriz, ehunka eta milioika dolar gastatzen dituzte irakaskuntza eta matrikulazioetan. Aukera handia dago enpresariek gastu horren zati txiki bat eskura dezaten». Etekinak helburu beraz. Orain ordea, doako programen aldeko kanpainarekin, zer eskuratuko dute Microsoftek eta bere enpresariek?

Richard Stallmanen itzal luzea

Mundu osoko hedabideetan ari da berria azaltzen. The New York Timesek «korporazio multinazionalen aurkako eraso berri bat» ikusi du Keralako gobernuaren erabaki honetan, eta kanpoko inbertsioetan izan dezakeen eragina aipatu du. Financial Express egunkariak berriz, Richard Stallman pentsalariak izan duen eragina nabarmendu du. Ez alferrik: M.A. Baby hezkuntza ministroak hedabide horri azaldu dionez, «Stallmanek pasa den astean egin zuen bisitak bultzatu ditu ikastetxeak jabegodun softwarea baztertzera».
2001ean zabaldu zuen Stallmanek Indiako Software Librearen Fundazioa (Free Sofware Foundation), Keralan bertan hain zuzen ere. Asian erakunde horren lehen ekimena izan da. «Software libreak ematen dizuen askatasunerako eskubidea duzue» esan zuen Stallmanek orduan eta gobernu jarduerarako, irakaskuntzarako eta negozioetarako alternatiba gisa aurkeztu zituen litzentzia libreko produktuak. Batez ere bigarren gaiari, irakaskuntzari alegia, eman zion garrantzia: «Software libreak abantaila handiagoa eskaintzen dio irakaskuntzari: software librean ezagutza, ezagutza publikoa da, ez sekretua. Jabegodun softwarearen kutxa beltz zigilatua jendea iluntasunean edukitzeko diseinatuta dago. Software librearekin ikasleek erabiltzen duten programa azter dezakete, nola funtzionatzen duen ikasteko».

Multinazionalen aurkako erasoa?

«Une honetan dugun egoera kontuan izanda eta osasun publikoaren interesarengatik Keralako gobernuak Coca Cola eta Pepsi Colaren ekoizpena eta salmenta debekatzea erabaki du» zioen Keralako gobernuaren web gunean abuztuan kaleratutako ohar labur batek. Zenbait hedabidek software librearen aldeko kanpaina berria eta freskagarrien debekua lotu dituzte eta korporazio handien aurkako erasoaz hitz egiten hasi dira.
Coca Cola eta Pepsiren kasuan ordea, Indiako osasun ministerioak egindako ikerketa bat hartu zuen oinarri Keralako gobernuak debekua ezartzeko. Ikerketaren arabera Coca Cola eta Pepsiren produktuak pestizidekin kutsatuta daude herrialde osoan. Amit Srivastavak www.rebelion.org gunean dioenari jaramon eginez gero nekez gaindituko lituzkete edari horiek Europar Batasuneko edo AEBtako gutxieneko baldintzak. «Indian gasdun edarietan aurki daitezkeen pestizidena estandar bikoitzaren kasu argia da: amerikar eta europarrentzat balio duena bata eta indiarrentzat balio duena bestea». Indiarrek herrialde garatuetan inork edango ez lituzkeen freskagarriak hartzen dituztela alegia. «2005eko urtarriletik 10 aldiz gutxienez AEBtako Droga eta Elikagaien Administrazioak atzera bota ditu Coca Colak Indian ekoiztutako produktuak herrialdera iristean» dio Srivastavak.

Gurera begira

Multinazionalen kontrako ahaleginean ari diren edo ez ikusi bitartean, argi dagoena zera da: software librea irakaskuntza sisteman erabiliz lortzen diren emaitzak ikusteko parada eskainiko duela Keralako saiakerak, eta aurretik egindako antzeko esperientziak osatuko ditu. Lizentzia libreko programak erabiltzaile guztiengana iristea lortuko ote dute horrela?
Eta gurean, zertan ari gara? Euskal Herrian ere hitz egin da antzeko ekimenak sustatzearen inguruan. Urrunago joan gabe, joan den bi asteetan Euskal Herria 2.0 mintegian erakunde publikoek software librea bultzatzeko hartu beharko luketen konpromisoaz hitz egin zuten Artelekun. Lokalizazioaren inguruko jardunaldian Joseba Makazaga EHUko irakasleak Extremadurako kasua (ikus www.linex.org gunea) aipatu eta Jaurlaritza bezalako erakundeek aurreztuko luketen dirutza azpimarratu zituen. Gipuzkoaeuskara.net-eko Gotzon Egiak Gipuzkoako Foru Aldundia Linux lokalizatzeko lanean ari dela azaldu zuen, baina teknologia bakarka erabiltzen dugula azpimarratu zuen. Erabiltzaileak duela azken erabakia, alegia. Bere esanetan software librea ez da herri matxinada bidez zabalduko, erosleek saltoki handietan produktu merkeena lizentzia librekoa dela ikusten dutenean baizik.
Jardunaldi horietatik ateratzen diren ekimenen zain eta atzerriko saiakerek hartu duten bidea ikusita gauza bakarra da segurua. Hemen inor ez dago geldi. Biderik ez dago. Ibilian egiten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA