Chris Anderson Wired Newseko editoreak bere Buztan Luzeari buruz artikulu bat kaleratu zuenetik jende asko harrituta geratu da. Denen ahotan dabil azken aldian Buztan Luzearen kontua. Tamaina izango ote? Ez, denok dakigu tamainak ez duela axola eta beraz, horrelako kontu arinetaz baino, merkatu arazoez ariko gara hurrengo lerroetan. (azken finean, hau ez da orgia.com…)
Jakinminaren jakinminez irakurtzen jarraitu dutenek, Andersonek duela bi urte kaleratu zuen The Long Tail (Buztan Luzea) artikulua irakur dezakete, zertaz ari garen ikusteko. Internetek kultur industrian orain arte nola eragin duen aztertu zuen artikulu hartan Wired Newseko arduradunak. Andersonek aurreratu zuenez, sareari esker arrakasta handietan oinarritutako merkatua ez da datozen urteetan kultur enpresen diru-iturri nagusia izango, banaketa kostuak aurrezteak, eskaintza ikaragarri zabaltzeak eta publiko txikien eskakizunetan arreta jartzeak dakartzan abantailengatik.
Hori azaltzeko Andersonek Joe Simpson mendizale britainiarraren kasua erabili zuen adibide gisa. Peruko Andeetan hiltzeko zorian egon ondoren 1988an Touching the Void (Ezereza ukitzen) liburua idatzi zuen Simpsonek, gertakari haien kontakizuna eginez. Kritika onak izan zituen, baina sarritan gertatzen den bezala, basamortuko bakailao saltzaileak baino arrakasta gutxiago.
Hamar urte beranduago ordea, oso gauza bitxia gertatu zen: Jon Krakauerrek Into thin air (Haize finean) liburua eman zuen argitara, hau ere mendian gertaturiko tragedia batean oinarrituta. Sekulako arrakasta lortu zuen, eta harrigarriro Simpsonek hamarkada bat lehenago idatzitako liburua ere berriro saltzen hasi zen. Asko saltzen: Krakauerren bikoitza.
Touching the Void-ek hainbesteko arrakasta lortu zuen, ezen filma eta guzti egin baitzioten, liburuan kontatutakoan oinarrituta.
Chris Andersonek badaki zein den Simpsonen kontu korronteko zeroak modu esponentzialean ugaldu izanaren arrazoia: Amazon.com. Liburu denda digital horretan titulu bat erostean “hau erosi duten bezeroek beste hau ere erosi dute” dioen oharra azaltzen da, liburu batzuk besteekin erlazionatuz. Into thin air irakurri zutenek Touching the Void ezagutzeko aukera izan zuten horri esker. Irakurleek beren iritziak emateko aukera dute gainera, eta Simpsonek idatzitako lanak kritika onak jaso zituen.
Andersonen ustez, goian kontatutakoak liburu saltzaileen abileziatik harantz doan fenomenoa erakusten du: “Hedabide eta kultur industriarentzako eredu ekonomiko erabat berria da”.
Beherago, beherago
Eredu horretan zeresan handia du XX. mendearen bigarren erdian kultur industriak izan duen garapenak. Denentzat berdin ekoiztutako produktuak nagusitu izan dira aurreko mendean eta horrek kontsumitzaileen buztan luzeko kurba sortu du: muturrean arrakasta handiko masa produktuak; isatsean salmenta gutxikoak. Baina orain, Internet heldu da.
“Jendea katalogoetan murgiltzen ari da, eskuragarri dauden tituluen zerrenda luzean behera”. Ikaragarrizko salmentak dituzten produktuetatik abiatuta kontsumitzaile talde txikietara iristeko bidea erraztu du Internetek Andersonen ustetan.
“Denbora luzez izendatzaile komunetako txikienak ezarritako arrakastaren tirania sufritu dugu, udako kanta garun-hiltzaileak eta saldoka produzitutako pop musika entzutera behartuta egon gara. Zergatik? Ekonomia”. Andersonek Buztan Luzea-n azaltzen duenez, espazio fisikoek erabat baldintzatu zuten produktu kulturalen banaketa Internet aroaren aurretik. “Zinema areto ertain batek ez du film bat erakutsiko bi asteko epean 1.500 pertsona erakartzeko gai ez bada” azaltzen du Andersonek. Gauza berbera gertatzen da liburu eta diskoekin ere: gutxieneko kopuruetara iristen ez diren produktuak, dendan betetzen duten espazioaren kostuak berdintzeko gai ez direnak, saltokietatik desagertu egiten dira. Beste adibide bat: telebista. Audientzia altuak lortzeko prestatutako programak dira nagusi, emisio-denbora eta kableak garraiatu dezakeen kate kopuru mugatuaren erruz.
Tamaina guztiek dute bere grazia
Baina horrek ez du esan nahi, jendeak zaletasun bateratuak dituenik, Andersonek irailean Bilbon eskainitako hitzaldian azpimarratu zuenez. Mundu guztiak egiten ei du noizbait korrontearen kontra igeri, inor ez omen da beti mainstream-aren orpotik joaten. Lehen ordea, ezinezkoa izaten zen zenbait gauza aurkitzea, salmenta handiko produktuak bakarrik kontuan hartzen zirelako: horiek ziren negozioa egiteko bidea.
Baina eskaintza guztiaren %20ak besterik ez du arrakasta handia izaten. Eta besteak? Hortik beherako liburu, disko eta filmek beren merkatua badute, eta ez da nolanahikoa. Internet bidezko musika dendetan frogatu dutenez, eskainitako kantu gehienek erosleren bat aurkitzen dute goizago edo beranduago eta salmenta txiki horiek, arrakastek baino diru gehiago ematen dute azkenean.Tamainak ez duela hainbeste inporta, alegia.
Dena jende guztiaren eskura jartzean dago gakoa. Industria tradizionalak disko bat, DVD bat edo liburu bat kaleratzeko, produktu horrek eduki dezakeen eskaria, marketin aukerak… neurtu behar ditu. “Buztan Luzearen ekonomian horien balioa neurtzea kaleratzea baino garestiagoa da. Egin ezazu eta kitto!” zioskun Andersonek.
Prezioez hitz egitean berriz, pirateoaren mundutik kanpo ere izugarri merketu direla azpimarratu zuen Wired-eko editoreak. iTunes eta antzeko web guneek euroko 99 zentimotan eskaintzen dute kanta bakoitza. Gainera, Andersonek aipatu ez arren, gero eta jende gehiagok doan eskegitzen du bere musika, lizentzia libreez baliatuz. Euskal Herrian, Musikherria diskoetxea edo Eremulauak Ediziogunea dira horren adibide, baita beren kontutik gauza bera egin duten beste hainbat talde ere.
Puntatik abiatu behar
Dena eskura eta merke beraz. Baina ez ote dago eskaintza horretan galtzeko arriskurik? Nondik hasi gustuko duzun hori bilatzen? Amaraunaren erraldoiak izuturik coitus interruptusa jasan dezake edonork. Lasai, Buztan Luzearekin ez duzu horrelako txakalaldirik izango. Andersonek uste du produktu arrakastatsuenek lagundu dezaketela salmenta txikiagoak dituztenetara iristen.
Adibide gisa Rhapsody Internet bidezko musika dendan ibilbidetxo bat egitea proposatu zuen Buztan Luzea artikuluan. Britney Spears super arrakastatsutik abiatuta, “similar artists” atalari jarraituz hiru klik eginda Save Ferris, The Selecter edo Buck-O-Nine bezalako ska eta punk taldeetara iristeko bidea azaltzen du. Ezinezkoa? Probatu: Spearsetik Pinkera eta Pinketik No Doubtera. Zer azaltzen da eskuineko barran? Gehiegi saldu izanaren itxurarik ez duten talde asko aurkituko dituzu horietatik aurrera eginez gero.
Lizentzia libreko musikak ere antzeko formulak erabiltzen ditu, hori bai, arrakasta jaitsitakoaren arabera neurtuz eta ez dirutan. Euskaratzeko bidean den Jamendo.com da horren adibide. Web gune horren sarreran tag bidez publikoak gehien bilatzen dituen musikariak azaltzen dira eta gainera “hilabeteko diskoak”, “disko berriak” eta “artxiboa” atalek galbahe lana egiten dute.
Aukera berri horiek kontuan hartuta, masa kontsumotik norbere txokoko kontsumorako bidean gara antza. Akabo beraz disko dendara joan eta saltzaileari “Akauza… zer?” entzun beharra. Akabo “bai, ale bat eduki genuela uste dut, baina…”, akabo “beste dendaren batean galdetu duzu?”, akabo betirako kolore arrosaz jantzitako elefantea baino arraroago sentitzea. Sarean nahi duzun guztia aurkituko duzu, merke (zenbait produktu doan) eta kalitate berean. Ez dago gaizki buztan kontuekin hasita hori lortzea ezta?
1 Iruzkin
[…] erabilia zen. Internet ezinbestekoa bihurtu da edozein talderentzat baina, ez dirudi euskal musikak Buztan Luzeko ekonomia garatzea lortu […]