Bill Gates afaltzera ez gonbidatzeko arrazoi batzuk

Gorka Bereziartua
0

Zintzo aurpegia du baina ez zaitez fida

Microsoft afaltzera etorri da, ate handian egin diote ongi etorria. Gaur aurkeztuko dituzte enpresa horrek Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin elkarlanean euskaratu dituen produktu batzuk Miramongo Parke Teknologikoan. Azken aldian Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta enpresa ahalegin handia egiten ari dira multinazionala lotara ere gera dadin (BiscayTIK proiektuaren esleipena eta Arrasaten zabalduko den ikerketa gunea dira beste bi adibide). Ahalegin horiek zalantzan jarri nahi ditu artikulu honek.
Zergatik? Ordenagailu baten erabiltzaile soila naizen aldetik kezkatu egiten nau erakunde publikoek bizkarra ematea formatu estandarrei, Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) ezarriak eta Microsoftek errespetatzen ez dituenak.
Utzidazue konparazio bat egiten: ISOk hainbat estandar ezartzen ditu, ez bakarrik informatikaren alorrekoak. Demagun estandar horiek zuk etxean afaltzerako orduan dauzkazun arauak edo ohiturak direla: kopa besteei bete zeure buruari baino lehen, denak zerbitzatuta egon arte ez jaten hasi, mahaian korroskadarik ez bota, ahoa beteta badaukazu ez hitz egin… Baina orain Bill Gates gonbidatu duzu afaltzera. Eta berak ez du beharrik ikusten ohitura horiek errespetatzeko, bereak oso zabalduak daudelako. Gaizki hezia mutila, inorekin hitz egin gabe oilaskoari haginka egin eta ardo botila dzanga-dzanga hustu du. Ohiturak azkar zabaltzen dira. Zure haurrek berehala ikasi dituzte eta orain oso normala iruditzen zaie puzker ozen batekin mahaia bedeinkatzea. Batere asmo txarrik gabe, hori bai. Hori ikasi dute, besterik ez.
Asmo txarrik ez dago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan, hain hedatuak dauden Microsoften produktuak euskaraz edukitzea bilatu dute, besterik ez. Baina mahaiko ohiturak errespetatzen ez dakien gonbidatua lehenetsi dute, auzoko mutil fin eta langilearen ordez.

Ezjakintasun nabarmena

Ezjakina izan behar da, adibidez, ekitaldiaren gonbidapen txartelean idazteko gaurtik aurrera “euskara ordenagailuen interfazeko hizkuntza nagusi bezala aukeratu ahal izango dela”. Windows, erabiliena izanda ere, ez da munduan dagoen sistema eragile bakarra eta aspaldi daude bestelakoak euskaratuta (Linux-en oinarrituak, berbarako), estandarrak errespetatzeari esker. Erosi aurretik eskaintza diferenteak konparatzea izaten da erosle ona zarrasteletik desberdintzen duena. Konparatu software libreko produktuak eta Microsoftenak, esan alde handirik dagoenentz.
Gainera, Microsoft etxera gonbidatzeko esfortzuetan murgildu aurretik komenigarria litzateke erakunde publikoek  hitz egitea programak euskaratzen lan eskerga egin dutenekin. Microsoftek eskaintzen ahal dizkigun produktu gehienen baliokideak badauzkagu euskaraz dagoeneko: joan den astean munduko beste hainbat hizkuntzekin batera deskargatu genuen Mozilla Firefox Interneteko nabigatzailearen azken bertsioa. Ea noiz kaleratzen duen Microsoftek ingelesezko eta euskarazko Explorerra egun berean.
A, eta doan. Pentsa zenbat diru aurreztuko lukeen administrazioak ordenagailu guztietako softwarearen lizentzia-kostuak ordainduko ez balitu. Krisian gaude, murriztu aurrekontu horietatik eta goazen koadrila osoa afaltzera. Modu onak zainduz, mesedez.

Microsoften inguruko albiste gehiago:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA