Hautsak ederki harrotu ziren irailean espainiar kulturaren gezurmendietan, Enrique Bunburyk bere kanta batean Pedro Casariegoren hitzak erabili zituelako, egilea nor zen esan gabe. Zaragozako abeslariaren letren sokatik tiraka hasi dira hedabideak eta bigarren plagioa ere aurkitu dute. El País egunkariak atzoko edizioan Enrique Bunburyren inspirazio literario berria titulatu albistean azaldu zuenez, Joseba Sarrionandiaren Ene begiek poemaren antz handia du Bunburyren El hombre delgado que no flaqueará jamás kantak.
Sarrionandiaren poema aski ezaguna da, besteak beste Ruper Ordorikak 1990eko Ez da posible diskoan musikatu zuelako. Baina, egiazta dezagun plagiorik dagoenentz.
Sarrionandiaren poema honela bukatzen da: “Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua, / lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian”. Bunburyren kantak berriz, erdialdean-edo, zera dio: “En aquella patria que llaman lejos / allí me podréis buscar donde se cruzan un siglo y un segundo y algo que cantar”.
Ados, izugarrizko antza dute, baina beharbada kointzidentzia hutsa da; goazen aitzurra eta palarekin Bunburyren kantan bilatzera… Eta hara: “Mis deseos no son ya sino nidos abandonados”. Sarrionandiarenak “ene desirak iada ez dira habia abandonatuak besterik / ene bihotzean” dioela gogoratuko du irakurleak.
Plagio berri honen esplikazioa, Ruper Ordorikak El País-i azaldu dionez, Ocho poetas raros izeneko liburuan dago. Lan horretan azaldu ziren Bunburyk aurretik plagiatutako Casariegoren poema, baita Sarrionandiaren Ene begiek-en itzulpen ezagun bakarra ere.
Bunburyk plagio salaketen aurrean esan du musikaren tradizioan sartzen dela besteen lanen zatiak mailegatzea. Ados nago baieztapenarekin. Koherentzia falta zaio ordea: besteen lanetik maileguan hartu nahi duenak erraztasunak eman behar ditu inork bere musika berrerabili nahi badu arazorik izan ez dezan; nik dakidala Bunburyk ez du copyleftaren aldeko apusturik egin (egile eskubideen inguruko jarrera anbiguo samarra erakutsi du gainera).