Baldekadak idazten dituzte batzuek, tantak besteek. Ez dute batzuk besteak baino hobeak izan behar, baina komeni da desberdintzea. Joseba Sarrionandia bigarrenetakoa da, are gehiago azken urteotan. Lagun izoztua nobela mardula publikatu ondotik liburu txikiak atera ditu Iurretako idazleak, eta halakoa da Gau ilunekoak (Elkar) ipuin berria ere. Ostiralean aurkeztu zuten Donostian Xabier Mendiguren editoreak, Aizpea Azkorbebeitia irakasleak, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (bereak dira liburua edertzen duten marrazkiak) eta Joxemari Iturralde idazleak.
Ipuina da Sarrionandiaren lan berria, “hitzaren zentzu guztietan” Xabier Mendigurenek azaldu zuenez. Beste planeta batetik etorritako izaki batekin abiatzen da istorioa. Baionako portuan azaldu da, eta etorkin ilegala dela pentsatuta, epailearen aurrera eramango dute. Han kontatuko du beti ilunpean dagoen planetaren historia.
Umeentzako kontakizunaren soiltasunarekin idatzia dago, baina araztasun hori iradokitzeko, bigarren irakurketak egiteko balia dezake irakurleak, Aizpea Azkorbebeitiaren esanetan. Sarrionandiaren azken aldiko literaturaren ezaugarriak aurkituko ditugu liburu berrian: istorioan kontatzen denaz gain, beste klabe batean irakurtzeko gonbitea luzatzen duen liburua dela nabarmendu zuen irakasleak.
Joxemari Iturraldek berriz, liburuaren lerro artean igerian dabiltzan erreferentzia literarioak azpimarratu zituen: Saint-Exupery, Saramago, Sabato, Beckett, Kafka… Iturralderen aburuz, umoretik eta ironiatik badu liburuak, baina orobat iluna ere bada, titulutik abiatuta. Izan ere, gaua berez iluna bada, Gau ilunekoak titulua jarrita belztasuna azpimarratu nahia igarri du Iturraldek Sarrionandiaren asmoetan.
Liburua azal gogorreko edizioan argitaratu du Elkar argitaletxeak, eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin lagunduta dator. Artista gazteak esplikatu zuenez, 13 urte zituela ezagutu zuen Sarrionandiaren literatura, etxeko liburutegian kuxkuxean zebilela. Ilustrazioak hasieran oso figuratiboak atera zitzaizkola esan zuen, baina, liburua eskuetan hartuta igartzen denez, azken emaitza “atmosferikoagoa” dela, abstraktuagoa. Arkatzez egindako lanak dira, formatu zabaleko irudiak, ipuinaren gelditasunari laguntzen diotenak.