Nola hitz egin iPod Touch batetik telefonotik bezala

Gorka Bereziartua
0

iPhone du izena telefonoak, ezta? Beste baliabide asko ere baditu, baina “phone” izenak esaten digu telefono bat dela. iPod Touch-a beste gauza bat da, balio du Internetera konektatzeko, musika eta bideoak ikusteko, baina hitz egiteko ez. Ez, ezta? Ba beharbada, eta hori da nobedadea, bai.
Slashdot-en atzo irakurri genuenez uste baino errazagoa da iPod Touch bat telefono bihurtzea; eta VoIP teknologiaren bidez, ez litzateke kontraturik beharko telefonoz hitz egiteko.
Kontua da, labur esateko, iPod Touchean funtzionatuko duen software bat garatzea, ordenagailuan Skype-ek bezala funtzionatuko lukeena. Eta horretan ari da lanean Jajah enpresa, eWeek.com-en ikusi dugunez.
Ez da berri txarra iPhone baten prezioa (549 euro, Movistarren “oferta” batean) garestiegia dela pentsatzen dutenentzat. Merketik urrun egonda ere, iPod Touch bat modu hobean erosi daiteke, 300 euro ingururen truke. Eta ekonomia dagoen moduan…
Gainera, mugikorretan VoIP teknologia sartzen baldin bada, hau izan liteke telefonia munduak azken urteetan biziko duen enegarren iraultza. Herritarrak! Jaso iPod-ak tiraniaren kontra!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA