“Nire aitaren etxea / defendituko dut” zioen Gabriel Arestik poema ezagunean, eta ez da nire intentzioa hari kontra egitea. Baina, amigo, La casa de mi padre pelikula… hori beste gauza bat da. Eta ez nator defenditzera. Gaur estreinatuko dute Gorka Merchanen filma. Nik, joan den urtean ikusi ahal izan nuen Donostiako Zinemaldian. Ikusmina neukan egia esan, errodajearen hasieratik izan bainuen pelikularen berri, sekuentzia asko nire herrian, Hernanin, grabatu zituztelako. Eseri naiz ba butakan, eta ia barrez hasi naiz, negar ez egiteagatik.
Bildu al daitezke topiko, klixe, aurreiritzi, estereotipo eta errazkeria gehiago ordu eta erdi eskasean? Ez dut uste. Hegazkin bat Euskal Herrira iristen ari da eta Lau teilatu kantaren bertsio transbertsala entzuten da, Mikel Erentxun eta Amaia Monterorena. Hegazkinean Txomin Garay (Carmelo Gomez) eta bere familia datoz Argentinatik. Enpresaria da Txomin eta ETAren mehatxuengatik alde egin behar izan zuen Argentinara. Orain bueltan dator, anaia gaixo duelako. Txominek ez du batere harreman ona izan anaiarekin arrazoi politikoengatik, baina orain, hilzorian dagoela, anaiak berak eskatuko dio mesedez, bere seme Gaizka (Juanjo Ballesta) salba dezala kale-borrokaren suetan erre baino lehen.
Oinarria, bistan da, oso delikatua da euskal ikuslearentzat: nork ez du ezagutu hurbilago ala urrunago indarkeria egoeraren bat herri honetan? Bisturi oso fina eskatzen du gaiari buruzko fikziozko lan batek, helburua zerbait errealista egitea bada. Eta batez ere, eskatzen du nire ustez, zuzenkeria politikoak bazterrean uztea, filma ez bada bihurtuko diskurtso ofizialaren faktoriatik ateratako enegarren produktua. La casa de mi padrek karikaturizatu egiten ditu pertsonaiak, batez ere (baina ez bakarrik) ezker abertzalekoak. Filmaren kartela ikustea besterik ez dago: ez al diozue Juanjo Ballestari norbaiten antza hartzen? ETB2ko Vaya Semanitan azaltzen diren Los Batasunis horiei beharbada?
Baina esaten duzu: ez, horiek aurreiritziak dira, goazen distantzia gehiago hartzera, azken finean beharbada gure zera hau urrunagotik bizi duenak ikusiko dio zerbait pelikulari. Goazen aktoreen lanari begiratzera, istorioa kontatzeko moduari, Euskal Herriko giroa islatzeko egindako lanari. Eta hor amiltzen da filma behin betiko, hor ikusten duzu benetan ez dagoela zer eginik lan honekin. Hasierako testuingurua eman ondoren, badirudi sekuentzia bat bestearen atzetik itsatsi dutela, ordena zein den batere begiratu gabe. Filmaren azken minutuak “pun!” eta “pun!” pasatzen dira, irrintzi bat hemendik, “traidore” hitza handik, autobus bat erretzen… Eta hori guztia gertatzen da orain kostaldeko herri batean eta gero herri industrial batean eta beranduago mendialdean. Total nor konturatuko da Hondarribiako kaleak eta Hernanikoak diferenteak direnik? Aktoreak ere pattal, film osoaren mailan.
Ez, ez dut La casa de mi padre defendituko. Uste dut zinema maite duen edozeini gauza bera gertatuko zaiola.
1 Iruzkin
Ez du, ez, ikusteko gogo handirik ematen. Ez bakarrik irakurritakoarengatik, kartelak berak ez du laguntzen. Izan ere, palestinarren zapi horiek, orain berriro ere modan egon arren, aspaldion ez zirela ikusten… eta abar. Baina, batez ere, zergatik Carmelo Gomezek egiten du beti euskal herritarraren papera?