Bilardo nor den, eta zergatik Reala ez den 1. mailara igoko

Gorka Bereziartua
0

Carlos Salvador Bilardo jokalari eta entrenatzailearen omenez esaten diote Bilardo nire lagunari.

ARGIAn lanean hasi nintzenean ohitura sano bat hartu nuen: astelehenetan Lasarteko Txartel hotelera joan (hemen ondoan daukagu) eta gosari kontinental batekin asteari indarrez ekitea. Hasieran kasu handirik egiten ez zidan arren, konfiantza mutur bat eman orduko, han hasi zitzaidan gizon bat berbetan. Bilardo zen.
Koadrodun alkandora pintxo koipez dekoratua, buruaren tamainan gilborra, herrena eskuinetik, bizkorra mingainetik, 70 urteren bueltan ibiliko den erretiratua da Bilardo. “Ibiliko den” diot, ez baitu sekulan bere adinaren notiziarik ematen, horrelako misterioak bere burua babestuko balu bezala. Bilardo ez da bere izena, kuanto; futboleko entrenatzailea izan zen urtetan, erregionaletako patata-soroetan golak zientoka landatzen zituzten bere taldeek… berak dioenez. Eta ostikoaren arte noblean erakutsitako jakituriagatik, historiako entrenatzaile handienetako baten izenaren jabe egin zen.
Eta futbolaz hitz egiten zidan astelehenero, nik nahi, ala ez.
Behin Realekoa ote nintzen galdetu zidan. Nik baietz. Berak: “Ni agnostikoa nauk ba”. Nik: zer esan nahi zuen horrekin.
— Agnostikoa ba: Realekoa izan nahiko nikek, baina duda handiak zeuzkeat, Reala existitzen ote den.
Laster, ekainean-edo, hiru urte izango dira aurrenekoz ondoan eseri zitzaidanetik, uxualaren perfumea eztarritik, goizeko 8:30ak. Eta nire bloga ARGIA.com-era ekarri dudala aprobetxatuz, aurreko astelehenean esan nion, ea zer irudituko litzaioken gure solasaldiak hemen publikatzea. “Blog?” esan zuen, eta “Internet” esan nion; “Internet?” esan zuen, eta “bai” esan nion; eta hitz bana esaten jardun genuen ping-pongean, berak errematearekin baimena eman arte.
— Egintzak nahi duana… baina, Bereziartua, ez dadila polizia nire bila etorri, ados?
Gaur goizean hitz egin dugu Bartzelonaren atzoko coitus interruptusaz: hiruna azkenean Vila-Realen kontra, eta beste jardunaldi bat itxaron beharko dute liga irabazteko. Joseba Llorentek sartu zituen bi, kataluniarrentzat.
— Bilardo, nola utzi zioten alde egiten Realekoek? Diferentzia ederrean ibiliko ginateke orain!
Eta nire argudio zerrenda onena atera diot: Llorente Realean egon izan balitz ez ginela ibiliko gabonetako merkealdietan Abreu fitxatzen, eta gizarajoari loteriakoak baina zenbaki hobeak eskatzen, oraindik jet-lagarekin zegoenean; imajinatzeko, denboraldi hasieran Diaz de Ceriorekin aurrean, a ze bi, eta gainera etxekoak…
Bilardok ez dit begiratu ere egin mingainari eragin diodan ordu laurden osoan. Eta bukatu dut, eta uxuala hustu du tragoz, eta ahots gastrikoz esan du, zera:
— Bereziartua, ez daukak ideiarik. Lillok ez dik bi aurrelarirekin jokatzen, ezta Aristotelesek, Senekak eta Zizeronek eskatuta ere… Realarena aurten…
Isildu egin da, hustu berri duen basoa hartu, okertu, begi bat itxi, baso barrura begiratu, ostera barran utzi, eztula, karkaxa eta niri begiratu dit azkenean.
— Realarena aurten duk, Atik Bra korri egin behar duen atletaren istorioa. A duk 2. maila, eta B duk 1. maila; alegia, igotzea. Erraza ezta? Atik Bra. Gertatzen duk, hasi dela atleta korrika Atik abiatuta, baina Bra iristeko aurrena pasa behar duela erdiko puntu batetik: X1etik. Atik X1era joan behar dik, Bra iritsiko bada. Baina iritsi duk Atik X1era, eta konturatu duk Bra iristeko aurrena pasa behar duela X1 eta Bren artean dagoen erdiko puntutik: X2tik. X1etik X2ra egin behar dik korri, Bra iristeko. Baina iritsi duk X1etik X2ra, eta konturatu duk Bra iristeko X2tik helmugara geratzen zaion bidearen erdiko puntura iritsi behar duela, X3ra, Bra ailegatu baino lehen. Eta iritsi da X3ra, eta konturatu da hortik Bra iristeko bidean, X4tik pasa behar duela, hau da, X3 eta Bren artean dagoen erdiko puntutik…
— Bale Bilardo, bale.
— Ez zekiat, Bereziartua, ondo ulertu ote duan: erdibideko puntu infinituetatik pasa behar dik Realak, 1. mailara iristeko. Eta ez zegok denborarik.
— Ados Bilardo, baina…
— Hori, noski, baikorra bahaiz, eta sinesten baduk Reala existitzen dela. Noizbait esan izan diat nik zer pentsatzen dudan horretaz.
Ez zait ezer geratu esateko. Hori da Bilardo astelehenero. Saiatuko naiz berarekin izaten ditudan hizketaldiak astero hona ekartzen. Momentuz, Athletic-en partidua ikusteko geratu gara asteazkenean. Bilardo astelehen goizean baino ez dut ikusten, futbolaren ajetan. Nolakoa ote da partidu bat zuzenean ikusten ari delarik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA