Atzoko albistegi gehienetan ikusi nuen Kontsumorako Prezioen Indizeak beheraka jarraitzen duela. Baina beheraka, zero azpitik: joan den urteko datuarekin alderatuta, prezioen joera negatiboa da, % -0,2an dago. Hau da, hotz egiten du. Eta titular askotan irakurri ahal izan nuen, inflazioa negatiboa dela. Juan Mari Arregik edo Joseba Barandiaranek zuzenduko didate oker banabil, baina prezioak zero azpitik “hazten” ari badira, hitz egin al dezakegu inflazioaz?
Nik uste nuen prezioak %0tik beheraka hasten zirenean, inflazioaz hitz egitea lekuz kanpo zegoela. Ze inflazioa, Harluxet hiztegiaren arabera, honakoa da: “Prezio-maila orokorraren igoera egonkorra. Normalean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) erabiliz neurtzen da”. Igoera egonkorra, ez oraingo beherakoa.
Kontua da arazo bat daukagula kazetariok ekonomiako hiztegiarekin (eta lehen harria nire kopetari): ez dakigula ondo nola erabili. Eta iruditzen zait titular asko jarri direla inertziarengatik. “Nola orain arte denak gora egin duen, ba, jarrai dezagun ‘inflazioa’ esaten…”.
Paradoxa kanta batekin ilustratzeko, Anariren Aingura hegodunak datorkit burura: “Baina erortzen bagara ere, amets berriei helduz, gorantz erortzen gara…“.
1 Iruzkin
Gogoan dut krisi delako honen hastapenetan irratian entzun izana “inflazio negatiboa” delakoa, baina kasu honetan ez kazetari batek esana, politikari batek esana baizik. Jakina, politikari hau gobernuko kidea zen.
Alegia, arazoa ez dela soilik kazetarien ezagutza faltarena, politikariena ere. Uste baitute, eufemistikoa izanik jendeari “deflazioa” edo “prezioen beherakada” esan beharrean “inflazioa negatiboa” esanez, gauza leunduko dela eta populuak samurrago hartuko duela. Izan ere jendeak badaki inflazioaren gorakada handia ez dela ona, eguneroko bizitza garestitzen delako, eta agian pentsa dezake “inflazio negatiboa”, ondorioz, positiboa dela. Berriki entzun diot gobernuko ekonomia arduradun bati prezioen beherakadari alde onetik begiratu behar zaiola: familien (bide batez, zer arraoi da zenbaitzuk etengabe erabiltzen duten familia santu hori? eskubideak ez al zituzten pertsonek soilik?) erosteko ahalmena handitzen dela.
Hau da, si cuela, cuela.
P.D: Egia dena da kazetariak “si cuela, cuela” hori ekiditeko zaudetela (zeundetela?)