Dr. Keanu eta Mr. Reeves, ez mesedez

Gorka Bereziartua
3

keanureeveslakehouse
Paper bat jokatzen jakin ez, eta bi eman.

Hollywood erasora: Jekyll Doktorearen eta Mr. Hyderen kasu harrigarria, Robert Louis Stevensonen nobela laburra, zinemarako egokitu nahi du Universal ekoiztetxeak. Ez da liburuarekin egingo den lehen egokitzapena izango (124 urtean izan da denbora), baina albiste batek beldurra eman digu, ia Mr. Hyde-ek berak baino gehiago. Keanu Reeves aukeratu dute bi paperak jokatzeko.
Ez gara izutu garen bakarrak, noski. Ben Childek, The Guardian egunkariko zinema adituak, honakoa idatzi du: “Hau ote da inoizko casting erabakirik txarrena?”.
Izan ere, iruditzen zaigu (plural gonbidatzailea, ados bazaudete) Reeves jaunaren gaitasun dramatikoak (uler bedi hitzaren bi zentzuetan) ez direla egokienak pertsonaia horiek haragiztatzeko. Zergatik? Stevensonen nobelak zer pentsatua eman dio urtetan jende askori. Jekyll doktorearen inkontzienteari buruzko analisi freudiar ugari egin da; islatzen duen aro viktoriarraz beste hainbeste; gizakiaren dualitateaz zer pentsatua eman izan du… Baina tira, alde horretatik, egia da, Reeves berak ere dualitaterako joera handia du, bi errejistro bakarrik erabiltzekoa, alegia: 1) aurpegi serio sexya, beti zeruertzera begira; 2) irribarre sexya, begiak pareko neskari so.
Edozein modutan, oraindik filmatzen hasi ez direnez, Universalekoei zerrendatxo bat bidaliko diet soka bereko zenbait aktoreren izenekin. Ziurrenik merkeago aterako zaie gainera, garai txarrak baitira zementuzko begitarteentzat. Hor doa beraz, aurpegi opakuen nire TOP 5a:
5- Nicolas Cage: Leaving Las Vegas bukatu zen, baina oraindik ajearekin dagoela ematen du.
4- Shaquille O’Neal:
Zer, pelikulak ere egin ditu!
3- Jean-Claude Van Damme: Beharbada interesatzen zaizue, Universaleko nagusiok, kickboxinga egingo duen Jekyll bat?
2- Chuck Norris: Jar ezazue Jekyll viktoriar-errepublikar-neocon bat zuen bizitzetan!
1- Steven Seagal: Nire gogokoena. The glimmer man ikusi nuen arte ez nintzen konturatu nola dominatzen duen Stanislavski metodoa… Eta ez badu dominatzen, beti dauka mutur-joka hastea.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA