Literatura autoeditatuaren arorantz?

Gorka Bereziartua
0

ebaki
Ion Olanoren 'Ebaki' liburuaren azala.

Azkenaurreko egunean, berandu eta presaka, baina Mikelazuloren 9. Poesia Astera hurbiltzeko zortea izan nuen joan den larunbatean. Hiru liburu ekarri zituzten mundura: Asier Sarasolaren Poems, everybody, poems!, Ion Olanoren Ebaki eta Oscar Mansoren Breve historia de los conquistadores. Eta jaiotze berriak ospatzeko, liburu horietako poemak errezitatu zituzten bildutako jendearen aurrean, bideoz, musikaz eta aktorez lagunduta.

Lan horiek dira BatBada proiektuaren aurreneko fruituak. Liburuak autoeditatzeko sortu den egitasmoa da: ale fisiko bakar bat egongo da edonoren esku Mikelazulo elkartean, baina Internetetik liburu osoa deskartu ahalko da BatBadaren blogetik. PDF formatuan jaitsi eta norberak etxean bere edizioa prestatu ahalko du.
Musikan autoedizioaren eredua finkatuta dago aspaldi honetan. Elkarrizketa bat egitera joatean, ez diozu talde bati galdetzen zergatik aukeratu duen bide hori diskoa publikatzeko; ez diozu galdetzen Internet bidez zabaltzearen abantailez ere. Musikaren industriak bizi duen metamorfosiaren erakusgarri, natural hartu dugu ohikoak izan diren bideak bazterrean uztea.
Ikusi beharko literaturarekin gauza bera gertatzen den. Falta da, nire ustez, eBook-ak zabalduxeago egotea, irakurleak liburua deskargatu bezain laster irakurri ahal izateko, inprimatzen ibili gabe. Literaturaren ekoizpen prozesu osoa digitala bihurtzen denean (zirriborrotik lehenengo edizioraino paperik ukitu gabe) jabetuko gara gehiago horrelako ekimenen garrantziaz. Bitartean BatBadakoei zorionak, bidea urratzeagatik.
Deskargatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA