Nahiz eta kontadoreak garen, eta ez obreroak. Defenda ditzagun halere, ze, inoiz konturatu ez banintzen ere nire herriko paisaia —zure herrikoa ere bai segurutik— izugarri aldatu da azken hamar-hamabost urteotan. The Guardian egunkariko Germaine Greer-en artikulu batek ireki behar begiak. Titularretik dio: “Zergatik salbatu arbolak? Beti landatu ditzakezu berriak. Horren ordez, salba ditzagun gure hotz-dorre bikainak”. Barruan berriz: “Jendeak, oraingo gauzen berritasuna ulertzera iritsi baino lehen, ikusi behar du gauza zaharren aparta. Britainia Handi osoan duela gutxiko iragan industrialaren monumentuak eraisten ari dira”. Eta gogora etorri zait Hernaniko Zinko Eneatik “Cuesta de la muerte”-rako bidean lehen egoten ziren tailerrak. Urbanizazio bat egin zuten, ez zuten aurreko edifizioen arrastorik utzi.
Baten batek nostalgiko esango dit, zerbait okerragoa agian, eta beharbada arrazoiz; baina, ondare artistikoaren ikuspegitik, ez al genuke gorde behar joan den mendeko industriaren arkitektura arrastorik? Ez dago, nik dakidala, mugimendu handirik horien desagerpena salatzeko —Bilboko itsadarreko edifizio handienekin duela urte batzuk entzun nuen bazebiltzala; Pasaiako Luzuriagarekin duela gutxi; baina gainontzean…—.
Ez dago, ezta behar ere, esango du listoren batek: “Balio arkitektoniko gutxiko eraikinak dituk; presaka egindako diseinuak; gustu gutxi, kopla txikiak, deus ez”.
Tonto honi bururatzen zaion erantzuna: “Gure herriko arkitektura gehiena da kopla txikia, baina horregatik ez ditugu etxe erosoagoak, merkatal zentruak eta aparkalekuak egiteko kaxkoko edifizioak botatzen —tira, baten bat bota dute, ondare historiko izanda ere, baina ez da hori araua—”.
Baina orain dela gutxi arte herentzia industriala harrapakin erraza izan da konstruktorentzako. Zer dago guriagoa industria herdoilduaren haragia baino? Arkitektura publikoak edozein ondare desagertuko lukeen inertzia hartu zuen. Eta “zuen” diot, kreditua bukatu baita. Hau izan daiteke momentua oraindik zutik dauden eraikinei bestelako irtenbidea emateko.
Orain egin beharko ze, laster, saldu ezinda geratu diren urbanizazio horiek ez botatzeko ere eskatu beharko dugu: desarrazoiari egindako monumentu horiek ere badira, izan, gure arkitekturaren historia baterako ezinbesteko piezak.
Eguneraketa (2009-VI-9, 11:24):
Nagore Vegak (a.k.a. Muxkilla) informazio osagarria twitteatu dit…
@boligorria Pasaian nahiko mugimendu dago eremu horretan. Luzuriagaz gain, Ziriza etxea, Proisa eraikina, artxiboen digitalizazioa…
…baita lotura interesgarri batzuk eman ere: Proisa eraikina botatzeko proiektua berraztertzea onartu zuten urtarrilean; urte hasieran inbertsio ugari egitea aurreikusi zuten norabide berean. Beraz uste nuena baino mugimendu handiagoa dago… Nola daude gauzak beste herrietan?
1 Iruzkin
Interesgarria.
Hemen Gasteizaldean Garoña istea aski zaigu, ez dugu eraistea eskatzen, gero barnean egin liteke barbakoategia, edo zikirolekua, parke tematikoa, edo putetxea…
Halere, eta politikoki zuzena alboratzearren (ekolopolitikoki zuzena diot), egia da lantegien edertasuna (itxuskeriaren alde ere) suntsitzen dela, gentrifikazioak jo du bortitz Euskal Lurraldea, unifamiliarrak industri-eremuetan, Alde Zaharreko kaleak eskilara elektrikoz infektatu dizkigute, Zara erraldoia eratze bidean industrialki erresistentzia gauzatu behar da.
Aski da agroiraultzaz! Nekazariek pozoindu dituzte ibaiak (lixibaz arrantzan) eta itsas-arrantzaleek desegin denon urak, orain ehiztarien gisara naturaren erregulatzaile direla diote. Hazkunde ezaren garaian (http://es.wikipedia.org/wiki/Decrecimiento), proletariok eraikin industrialen harrotasunari tinko eutsi diezaiogun! Eta ez arte-espekulazio-sasiabangoardisten biltegiak eratzeko.
Faktoriak über alles!
Joanes Apaolaza